Kultura

Augustin Zubikarai hil da

Augustin Zubikarai idazle eta ohorezko euskaltzaina zendu da gaur. Zubikaraik bi urte zeramatzan ohean gaixo, eta azken egunetan Galdakaoko erietxean zegoen. Han hil da gaur. Ondarrun jaio zen 1914an. Euskaltzain urgazlea izan zen, eta 1993an ohorezko euskaltzain izendatu zuten. Era guztietako idatzizko lanak egin zituen, bai kazetaritza lanak, eta baita literaturakoak ere. Euskaltzaindiak jakinarazi duenez, bihar egingo dute haren aldeko hileta-elizkizuna 19:00etan Ondarrun.

2004ko uztailaren 12a
14:41
Entzun
Zubikaraik Saturraran eta Gasteizko apaizgaitegietan egin zituen ikasketak eta oso gazterik. Hamasei urterekin, aldizkarietan kolaboratzen hasi zen. Gerra garaian sorturiko 'Eguna' egunkariko erredakzioburu izendatu zuten eta 1937an eta geroztik aldizkari askotan hartu zuen parte: Zeruko Argia, Karmel, Argia, Egan, etab. Espaniako gerra Zibilean atxilotu egin zuten eta Zaragozako kazetari batekin trukatu ondoren Frantziara erbesteratu zen 1940ra arte.

Euskal aldizkarietako kolaboratzailea izan zen Zubikarai. Horretaz gain, 1987 eta 1991 bitartean 'Euskerazaintza' elkarteko zuzendaria izan zen, eta 'Euskerazaintza' aldizkariko zuzendaria 1987an hura sortu zenetik sortu zenetik. Gerran sorturiko 'Eguna' egunkariko erredaktorea ere izan zen.

Poesia landu zuen (Urbasatik kantuz, 1967; Naparroako bideetan, 1968), antzerkia (Aberriagaz bizi; Itsas lapurrak eta Artea'ko itsua eta beste lan, 1987), ipuingintza eta kronika ere bai (Bizkaiko bidetan, 1984), baina nobelan nabarmendu zen batez ere (Pinuetako madalenak, 1965; Anton Guzurretxe, 1979; Lainoak Mundakan, 1980; Bizitzako urratsak, 1981).

Lan bikainak egin zituen Ondarroako lexikoa, bereziki itsasokoa, aztertuz eta bilduz: Boga eta Zixe 1976; Itxas-Aize, 1989.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.