Aurore Martinen familiak jakinarazi berri duenez, Batasunako kidea aske geratuko da 15.000 euroko bermea ordainduta. Hala esan diote Xiberoko Botzari. Espainiako helbide bat eman behar du epaitegiaren jakinarazpenak jasotzeko, baina Iparraldera itzul daiteke.
Frantziako hiritartasuna duenez, hala egin dezakeela jakinarazi dio BERRIAri Jone Goirizelaia abokatuak. Hilabete bakoitzeko lehen bost egunetan Hegoaldean ezarritako helbidetik gertuen duen epaitegian bere burua aurkeztu beharko du.
Espainian zen espetxeratua Martin, Frantziako Poliziak azaroan atxilotu eta berehala espainiaratua ostean. Hamabi urteko espetxe zigorra eskatzen diote Batasunako kide izateagatik, nahiz eta Batasuna Frantziako legediaren arabera legezkoa izan den beti.
Dirua biltzen
Martinen amak BERRIAri esan dio, albistearen berri izan eta berehala, ez zutela espero inondik ere erabakia, eta urtarrilaren 17rako aurrez aurreko bisita zutela eskatua. Jone Goirizelaia abokatuak esan du dirua biltzeko lanetan ari direla. Gaur, ordea, ordainketa egin ahal zutenerako bankuak itxita zeudenez, bihar geratuko da aske Martin.
13:15ean jakinarazi diote erabakia Goirizelaiari. Info7 irratiari azaldu dionez, aske utz zezaten lehen eskaera atzera bota zuen epaileak, abenduaren 19an, eta horregatik aretoko epaileei beste helegite bat aurkeztu zien. Horiek hartu dute Martin aske uzteko erabakia.
"Iraganeko gauza"
"Uste dut bere momentuan hartutako erabakiak ez zuela zentzurik, ez juridikoki ezta momentu politikoa aintzat hartuta. Iraganako gauza bat izan zen eta izugarrizko hankasartzea zuzendu da. Aurore bere tokian egongo da orain, kalea da toki hori, ez kartzela. Ez zuen deliturik egin eta ez zuen zentzurik kartzelan egotea", gaineratu du Goirizelaiak.