Aurpegi alaiko bihotz iluna

Landarbason, Igoin Azpi inguruan, errauste planta jartzea onartu zuen herenegun Donostiako Udalak; Landarbason izan da BERRIA, 1991. urtera arte martxan izan ziren bi zabortegi bisitatzen.

UNAI ZUBELDIA HERNANI
2006ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Zuhaitzak, sasia, erreka eta txorien kantua... Begiratu batean berde, alai, lirain aurpegia du Epele erreka ertzak, Zepadiko Zabalean. Landarbason. Hernanin (Gipuzkoa). Begiratu batean. Kazetariak sasi artean bi pauso ematea nahikoa izan baita Landarbasok bihotza hain berdea, hain alaia, hain liraina ez daukala ikusteko. Plastikoak, zapata apurtuak, edarien poto herdoilduak... Hori da hirugarren pausorako Zepadiko Zabaleko sastrakek azaleratzen duten errealitatea. Iraganaren seinaleak dira horiek guztiak. Aurpegi alaia erakusten badu ere, bihotz iluna dauka Landarbasok.

BERRIAk bertatik bertara ezagutu nahi izan du Landarbasoren iragana eta etorkizuna izan daitekeena. Igoin Azpi, Igoingo Lepoa, Añarbe, Landarbaso bera... Izen horiek ezagun egin dira azken egunotan. Izenak. Ingurua bera, gehienentzat, ez. Landarbaso ingurua lasai, txori kantu artean, dago gaur egun. Etorkizunean, auskalo. Denborak esango du. Baina iraganean ere beti ez da hain lasai egon.

Izan ere, 1970eko urteetan zabortegia egon zen Landarbason. Hernanitik Goizuetarako (Nafarroa) bidea hartu, Epela auzora joateko bidegurutzean ezkerrera hartu, aurrera segi, Tronkozubi eta Zubizarreta inguruak atzean utzi eta Zepadiko Zabaleko bidegurutzean. Hernaniko eta inguruko zaborrak horra eramaten zituzten. Erreka ondora. Bertakoek gogoan dute kamioiak nola ibiltzen ziren aurrera eta atzera. Etengabe. Zabor gehienak zabortegira iristen ziren. Beste batzuk, ordea, bidean galtzen zituzten kamioiek.

Zepadiko Zabala inguruan kamioiak hustu eta zaborrak erre egiten zituzten. Sutan, ketan egoten zen egun guztian. Inguruko busti bakarra Epele errekaren urarena zen. «1970 inguruan izango zen. Pare bat urtez han usteldu zituzten zaborrak», gogoratu du Pedro Santa Kruz Larregain baserriko ugazabak.

Urteen joanean zabortegi hark bere horretan ezin zuela segi eta gora begira jarri ziren arduradunak. Gora, Larregain eta Bidegurutzeta inguruko harrobira begira. Zaborrak erretzeko bi labe egin zituzten han, Goiko Larregain inguruan. Larregain baserritik kilometro erdira. Joan den martxoan 81 urte bete zituen Santa Kruzek, baina oraindik ondo gogoratzen ditu zabortegi haren inguruan pasatako urteak. 18 urtez aritu zen bertan lanean. «47 urterekin hasi nintzen, orain dela 34 urte. Oraindik gogoratzen naiz San Martin egun batez eman geniola, lehenengo aldiz, su». Baina ez zuen funtzionatu. «Hasiera hartan erretzen hasi eta suak gehiegi berotu edo ez dakit zer pasa zen, baina labeak, txapak, bazterrak eta denak erre ziren».



BERRITUTA ERE, EZIN. Labeetako bat berritu egin behar izan zuten berehala. Adreiluz ondo sendotu, tximinia altuagoa jarri, labea handitu, baina zabortegiak modu horretan ere ez zuen luzaroan iraun. Azkenean, Zepadiko Zabaleko zabortegian egin zuten moduan, zaborrak iritsi ahala bi dorreen atzeko aldean erretzen hasi ziren. Pentsatzen hasita, oso oroitzapen onik ez dauka Santa Kruzek. «Ke hori oso kaltegarria da. Azkar zabaltzen da. Plastiko errea, usaina... Oso txarra da. Nire jaiotetxea mendiaren beste aldean dago, Akola inguruan, eta emazteak arropak zabaltzen zituenean, keak zintzilik zeuden arropak erabat zikintzen zituen».

Orain 16 urte hartu zuen erretiroa Larregain baserriko nagusiak. «Nik erretiroa hartu eta urtebete inguru iraungo zuen, gehienez, irekita». Plastikoa, kea, sua... eta arratoiak. Zabortegiaren inguruan arratoi asko ibiltzen zirela gogoratu du Santa Kruzek. «Seme bikiak eta hirurok gauean jaiki eta hor joaten ginen eskopeta hartuta. Berrogeitik gora biltzen genituen batzuetan. Bi txakur ere baneuzkan eta pila ederra harrapatzen zituzten! Gogoratzen naiz, greba egun batean, semeak zabortegira inguratu, arratoiak harrapatu eta, arropak zabaltzen diren bezala, isatsetik helduta denak ilaran jarri zituztenekoa». Larregain baserritik oso gertu dago zabortegi zaharra, baina baserrira ez omen zen arratoirik hurreratzen. «Ura behar izaten dute inguruan eta han hiltzen ziren».



15 URTE ITXI ZUTELA. 1991 inguruan itxi zuten zabortegi hori, eta orduan, jada, zaborrak San Markosera bidaltzen hasi ziren. Itxi eta denbora gutxira, ingurua Aiako Harria parke naturalaren barruan sartu zuten. Ordutik beste borroka bat izan du Landarbasok. Zaborraren kontrako borroka. Izan ere, izadiari ere zabor hori gustatu ez nonbait eta, lehen zabortegia zena bere soineko berdez apaintzeko lanean hasi zen. Horretan ari da oraindik. Zabortegien arduradunek ere zerikusirik izan zuten horretan. Zaborrak estali eta naturari bere lana egiten laguntzeko lurra bota zuten bi zabortegien gainean. Natura bera ari da hortik aurrerako lanak egiten. Sasi eta sastraka artean daude bi zabortegiak, baina Goiko Larregain inguruko zabortegia, bereziki, ederki asko ikus daiteke oraindik ere bertara inguratuz gero.

Zepadiko Zabala eta Goiko Larregain. Akola eta Akola Gainaren magalean daude biak. Baso bihurtu nahian. Epele erreka ezkerrean utzita, baina, kazetaria etorkizuneko errauste planta jarriko duten ingurura igo da. Hiru kilometro eta erdi, gutxi gorabehera, oinez. Otsozulo, Akolako lepoa, eta Arritxikietako Gaina zeharkatuz Igoingo leporaino. Ezkerrean Landarbaso, parean Igoin eta eskuinerago itxuraz errauste planta jarriko duten Igoin Azpi ingurua. Zuhaitzak, sasia eta txori kantua hor ere. Eskuinerago, behean dago Añarbeko urtegia. Herritarrak kezkatuta daude horrekin. «Errauste planta hor jarrita ez al dira konturatzen ura kutsatuko dutela? Erreka txiki asko daude hor, horiek Añarbera joaten dira, eta ur horiek, azkenean, Urumea ibaira». Herritarrek ezin dute sinetsi Landarbaso inguruan halako proiektu bat egin daitekeela pentsatzea bera ere posible denik.

SOS Añarbe. Landarbaso errauste plantaren aurka. Zure iturriko ura arriskuan!. Epela auzotik Hernanirako bidea hartuta goizean ongietorria egin dioten kartel berberek eman diote agurra kazetariari. Bi zabortegi izan zituzten Landarbason, eta herritarrek inguru horretan ez dute errauste planta eta zabortegi gehiago nahi.



1991 arte bi zabortegi izan ziren Landarbason; hortik hiru kilometrora egin nahi dute errauste planta

Herritarrek ez dute ulertzen Añarbeko urtegia hain gertu egonda nola jar daitekeen errauste planta bertan





mikel izagirre Errauste planten aurkako herri plataformen koordinakundeko kidea

«Herriari bizkarra emanda hartu du erabakia Donostiako udalbatzak»

agurtzane solaberrieta

Donostia

Mikel Izagirre Gipuzkoako errauste planten aurkako herri plataformako kidearen ustetan, herenegun Donostiako udalbatzak hartutako erabakia herriaren iritziaren aurka hartu dute. Horregatik, herri galdeketa antolatzeko eskatu die erakundeei .

Zer balorazio egiten duzu atzo Donostiako osoko bilkuran gertatutakoaz?

Hasieratik probokazio zantzua hartu diogu, izan ere, ez dugu ulertzen aretora sartzeko hainbeste zailtasun izatea. Gainera, beraiei adierazi genien zer gertatzen ari zen, eta hala ere, ez adituarena egin, eta aurrera jarraitu zuten, Horrek jendea are gehiago haserretzea eragin zuen. Ondoren gertatu ziren istiluak ildo horretatik uler daitezke bakarrik. Behin horrelako haserrea sortuz gero, hori baretzea ez da gauza erraza.

Bigarrenik, esan behar dugu hartu duten erabakiarekin ez gaudela ados. Badirudi kokapena onartu delako dena amaitu dela. Eta hori ez da horrela. Orain hasiko dira azterketak, balorazioak, helegiteak eta abar. Proiektuak tramitazio luzea du. Dena dela, guk alternatibak mahai gainean jartzen jarraituko dugu. Gai honek izugarrizko istiluak eragiten ditu, eta, beraz, herriari zer nahi duen galdetzeko exijitzen dugu. Herriari bizkarra emanda hartu du erabakia Donostiako udalbatzak, herriaren iritziaren kontra.

Eta Odon Elorzaren jarreraz zein iritzi duzue?

Eskandalagarria da. Esan lezake behartuta eta xantaia egin diotelako hartu duela erabakia, baina aldeko botoa ematea ez dut ulertzen. Berak kokaguneak proposa ditzala, baina gero oposizioak har dezala erabakia. Txepelkeria handia egin du, eta bere burua zuritzeko nahaste-borraste izugarria eragin nahi izan du.

Zer esan nahi duzu, ez zeukala zertan aldeko botoa eman?

Horixe. Udal gobernua behartuta zegoen azterketa egitera eta kokagunea proposatzera. Eta hori da egin duena. Baina PSE-EE erraustearen aurka badago eta bide alternatiboak jorratu nahi baditu, aurka bozka zezakeen. Erraustearen alde dagoen oposizioaren eskuetan utz zezakeen erabakia. Horrek erakusten du koldarrak izan direla.

Landarbasoko eremua proposatu izana ez al zaizue bitxia iruditzen?

Ikaragarri bitxia. Donostiako Plan Orokorreko Bulegoak proposatzen zuen Landarbasoko eremu osoa Aiako Harria parke naturalaren barruan sartzea. Horixe da Donostiako Udalean dagoen proposamenetako bat, eta justu, Landarbaso proposatu dute errauste planta egiteko. Ez dugu ulertzen. Herritarrei esan nahi diete errauste planta urrutiratu egiten dutela. Hori ez da egia. Azpiegitura urrutiratuko dute, baina gero etxeko sukaldera sartuko dute iturritik. Añarbeko urtegia oso gertu dago .

Eta hemendik aurrera zer?

Guk mobilizazioekin jarraituko dugu. Bi lan egingo ditugu batera: alde batetik, erraustearen aurkako ekimenak bultzatuko ditugu; eta, bestetik, erraustearen alternatibak kaleratzen eta horiek sustatzen egingo dugu lan. Bi urte eta erdi pasatu ditugu borroka honetan, eta beste bi urtean jarraitzeko kemena badugu.





denis itxaso Donostiako Ingurumen zinegotzia

«EAJk eta EAk kokalekuaren alde bozkatzera behartu gaituzte»

Agurtzane solaberrieta

Donostia

Denis Itxaso Donostiako Ingurumen zinegotziak (PSE-EE) ukatu egin du PSE-EE, EAJ eta EAren arteko akordiorik egon denik errauste planta non egin erabakitzerako orduan. «PSE-EEk kontra bozkatuko balu, beste bi alderdiek ere kontra bozkatuko zutela esan ziguten». Egoera «desblokeatu» ahal izateko eman dutela aldeko botoa dio Itxasok.

Zer balorazio egiten duzu atzo Donostiako osoko bilkuran gertatutakoaz?

Istiluei dagokienez, esango nuke berriz ere ezker abertzaleko talde batek erraustearen kontrako mugimendua monopolizatu egin nahi izan zuela. Pena izan zen, bertaratu ziren askok, demokratikoki, erraustearen aurkako jarrera azaldu nahi izan zutelako; ezin izan zuten, ordea, Batasunak egin zuen boikotarengatik. Mugimendu horrek galdu egin zuen atzo [herenegun] indarkeria erabiltzeagatik.

Erabakiaz esan behar dugu, ez ginela libre sentitu kontzientziaz bozkatzeko. Nik behintzat ez nuen nire burua libre ikusi. Mehatxupean hartutako erabakia izan da, ez baitugu horretan sinesten.

«Odon manipulatzailea» izan zen batez ere herritarrek oihukatu zutena.

Hori bakar batzuek oihukatu zuten. Gizarteak badaki zeintzuk bultzatu duten errauste planta, eta zeintzuk presionatu duten Donostia. EAJ, EA eta PP izan dira. Kontua da ezker abertzaleak halako protestak baliatzen dituela.

Osoko bilkuran ezker abertzalekoak ez diren herritar eta talde asko zeuden, eta guztiek oihu egin zuten.

Bai, baina ez alkatearen kontra. Orokorrean, jendeak badaki presionatu egin gaituztela. Urtarrilaren 1etik aurrera gure zaborrak ez biltzeko mehatxua egin ziguten. Horren aurrean, guk erantzukizunez jokatu dugu. Dena dela, aitortzen dugu, neurri handi batean, gatazka hau galdu egin dugula.

PSE-EEk toki bat proposatu du, eta hori eraman du bilkurara. Dena den, aurka bazaudete, zergatik bozkatu zenuten alde? Oposizioko botoak nahikoak ziren.

Donostiako Prim kaleko alderdi sozialistaren egoitzan egindako bileran, EAJk esan zigun ez zela nahikoa proposamena osoko bilkurara eramatea, baizik eta alde bozkatu behar genuela. Guk aldeko botoa ematen ez bagenuen, beraiek ere ez zutela alde bozkatuko esan ziguten. Alkateak bere ardurari eutsi behar ziola, eta baiezkoa bozkatu behar zuela agindu ziguten. Horretara ere behartu egin gaituzte EAJk eta EAk.

Beraz, hiru alderdiek aldez aurretik erabakita zenuten alde bozkatzea?

Ez, guk ez dugu inolako akordiorik egin. Mehatxua baloratu dugu: kontra bozkatuz gero, zenbaterainoko kaltea egiten genion Donostiako herritarrei aztertu genuen, are gehiago kontuan izanda urtarrilean ez dugula zaborrak tratatzeko azpiegiturarik izango. Egoera desblokeatu nahi izan dugu.

Bitxia da errauste planta parke natural baten aldamenean egitea proposatzea.

Badirudi batzuk errauste planta Kontxako badian egin nahi dutela.Guk inork erabili ez duen irizpidea hartu dugu kontuan: herri guneetatik 2.000 metrora jartzea. Irizpide hori betetzen duten hiru leku baino ez daude, eta bi Landarbason. Donostiako Udal Gobernuari ere ez zaio gustatzen, baina beste erremediorik ez dugu izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.