Aurpegi berrituarekin mundura

Ekitaldi sorta bat egingo da Euskararen Egunean; jaiaren atariko, berriz atera dute plazara lehen euskal argitalpena

Argitalpenaren edizio berriaren aurkezpena, atzo, Eusko Legebiltzarrean. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2011ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
«Euskara, jalgi hadi plazara» eskatu zuen Bernart Etxeparek euskaraz argitaratutako lehen liburuan, Linguae Vasconum Primitiae argitalpenean. 466 urteren ostean, eta Euskararen Nazioarteko Eguna baliatuta, nazioarteko plazara jauzi egin du euskal letretako harribitxiak. Izan ere, Linguae Vasconum Primitiae liburuaren faksimile berri bat egin dute Eusko Legebiltzarraren eta Euskaltzaindiaren lankidetzari esker, eta jatorrizko testua gaztelaniara, frantsesera, ingelesera eta alemanera ere itzuli dute.

«Testu hau sozializatzeko ildoari eusten dio ekimenak; euskal letren funtsezko testua da, munduko kulturetarako sarbidea ahalbideratzen diguten munduko hizkuntzetara itzulita», nabarmendu zuen Andres Urrutia euskaltzainburuak atzo, aurkezpenean. Xabier Kintana Euskaltzaindiko idazkariak jakinarazi du funtsezko aldaketa bat dagoela, jatorrizko argitalpenaren kopia zehatza den arren: azala. «Kalbario bat irudikatzen zuen azalak, eta barruko irudi bat berreskuratu dugu, Jesusen berpiztearekin; euskarak azken urteetan duen bilakaera ikusita, egokiagoa iruditu zaigu».

Bilakaera horren erakusgarri izango dira Euskal Herriko hamaika udalerritan gaur Euskararen Eguna dela oroitzeko egingo diren ekitaldiak. Donostian, esaterako, mintzodromo berezia egingo dute Bulebarrean. 11:30etik aurrera, ehun bat pertsona ezagun bilduko dira Boulevarden jarritako karpan: politikariak, gizarte eragileak, kultur eragileak... Horrez gain Donostiako Euskararen Ibilbidea, musika emanaldiak eta bertsoak izango dira Gipuzkoako hiriburuan. Musikak berebiziko garrantzia izango du Gasteiz eta Bilbon. Gaztehitz! izeneko ekitaldian, Lain, Trumbo, Hesian, Kerobia, Txapelpunk, EH Sukarra eta Gatibu taldeek joko dute, arratsaldeko bostetatik gaueko bostak arte, Mendizorrotzako kiroldegian. Bilbon, berriz, banden lehiaketako finala izango da.

Bilduk, berriz, hizkuntzari buruz gogoeta sakona egin beharra nabarmendu du, egindako lana aztertu eta gerora begiratzeko. Alde horretatik,horretan euskararen erabateko ofizialtasuna eta normalizazio osoa lortzeko konpromisoa berretsi du.

Madrilgo Euskal Etxea, saritua

Eusko Ikaskuntzak, berriz, Madrilgo Euskal Etxeari eman dio Euskararen Nazioarteko Eguneko saria. 1979. urtean sortu arren, 1936ko gerraren aurretik existitu zenaren oinordekoa da, eta egiten duen lana eskertu du. Esaterako, 160 ikasleri euskara eskolak ematen dizkie.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.