andoaingo kilometroak

Aurreikuspen guztiak gaindituta

Eguraldia lagun, milaka lagun ibili dira Kilometroetan, eta antolatzaileek "erabat balorazio positiboa" egin dute arratsaldean. Aita Larramendi ikastolaren eraikin berrirako "bultzada" jaso dutela diote arduradunek.

2012ko urriaren 7a
14:09
Entzun

Andoaingo Kilometroek "aurreikuspen guztiak gainditu" dituztela jakinarazi dute antolatzaileek, atzo arratsaldeko laurak pasa egindako balorazioan. "Erabat positiboa da balorazioa", adierazi zuten. Beste urtebetez, beraz, arrakasta izan du Gipuzkoako ikastolen aldeko festak. “Ikastolaren eraikin berrirako bultzada eskatu genuen, eta gaur bultzada jaso dugu. Benetan pozik gaude euskaltzaleek emandako erantzunarekin”, esan zuen Arkaitz Lasa aurtengo Kilometroetako koordinatzaileak. 

Goizean goizetik, eta eguraldia lagun, milaka euskaltzale bildu ziren Andoaingo zirkuituan. Hasieratik ibili zen jende andana. Horren adierazgarri da, esaterako, goiz erdian ibilbidea egokitu egin behar izan zutela ikastolara iristeko zubiaren inguruan. Agortu egin ziren 2012ko Kilometroetako arropa, gune batzuetan diru trukerako tiketak eta jan-edariak, eta bigarren gunean txahalaren pintxoak —13:15erako—. 

Antolatzaileek diote segurtasun aldetik ez zela arazorik izan, eta garraioan ez zela eragozpenik gertatu. Askok eta askok trena erabili zuten Andoainera heltzeko —ordu laurdenero izan zen trena—. Auto eta autobusentzat prestatutako aparkalekuak bete egin ziren, baina ez zen pilaketarik sortu.

Hasiera ekitaldi xumea eta hunkigarria

Goizean hasiera ekitaldi xume bezain hunkigarria egin zuten. Irati Landak eta Gurutze Unzaluk ebaki zuten jaiari hasiera ematea ahalbidetu duen zinta: Aita Larramendi Ikastolako ikasle hasi berria da bata eta batxilergoko ikaslea bestea. Ohorezko zinta puska Joanmari Larrartek eta Jose Mari Sorsek jaso zuten Martin Ugalde Kultur Parkeko ordezkari gisa.

Hasiera ekitaldian izan ziren hizlari Arantxa Irigoras ikastolako lehendakaria, Ana Karrere Andoaingo alkatea, Isabel Zelaa Hezkuntza sailburua, Arantxa Manterola Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakaria eta Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia.

Andoaingo dantzariek dantzatutako Ezpata Dantzaren ostean hartu zuen hitza Irigorasek. Zorion eta gonbiteen ondotik, “konpromisoa” eskatu zien hark han bildutako politikariei ikastolek euren erronkak bete ahal izateko. Karrere alkatea ere ildo beretik mintzatu zen Kilometroetako ibilbideak dituen gorabeherak eta euskararen egoerak dituenak alderatuz. Hezkuntzan murrizketarik ez egiteko eskatu zien Jaurlaritzako ordezkariei, “hezkuntza gutxiesten duen herriak ez duelako etorkizunik”.

Andoaingo dantzari gazteek dantzatutako Axeri Dantzaren ostean hartu du hitza Isabel Zelaa Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburuak –Andoainen tradizio handia duen dantza da axeriarena, belaunaldi batetik bestera pasatzen dena—. Zelaa gogor mintzatu zen Espainiako Hezkuntza Ministerioak abian jarritako “kontraerreformaren” aurka. Hari aurre egiteko elkarlana sustatu eta sendotu beharraz mintzatu zen eta Euskal Hezkuntza Lege berri baten premia aldarrikatu.

Manterola Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakariak ere Hezkuntza Lege berriaren premia aldarrikatu zuen, “publiko eta pribatu dikotomia gaindituko duena”. Herri ekimenaren indarra goratu eta haren beharra aldarrikatu zuen Manterolak, baina administrazioaren laguntza eta inpikazioa eskatu ere bai.

Garitano ahaldun nagusiak diputazioak euskalduntzearekin duen konpromisoa gogorarazi eta berretsi zituen lehenengo, iaz Azpeitian egindako kilometroetan agindutakoak betetzen ari direla nabarmenduz. “Mehatxu eta irain guztien gainetik ari gara horretan, baina ez gaude asetuta eta ez gara betekadaren beldur”.

Agintari guztiak lagun hartuta ekin zioten guztiek ibilbideari. Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpaina dela eta, asko izan ziren Andoainen bildutako politikariak eta hedabideak. Han izan dira, besteak beste, Iñigo Urkullu eta Laura Mintegi EAJko eta EH Bilduko lehendakarigaiak, hurrenez hurren. Baita euskalgintzako ordezkaritza zabala ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.