Alferrik galtzen den janariaren ia erdia (%42 inguru) etxeetan gertatzen da. Europan, batez beste, herritar bakoitzak urtean 179 kilo elikagai botatzen du zaborretara. Horrek urtero Batasuneko zabortegietara 89 milioi tona elikagai botatzea dakar, alegia, ekoizten den janariaren %35-40 artean. Datuok mahai gainean, argi dago kontsumitzaileek ere zeresan eta zeregin handia izan dezaketela arazoaren konponbidean. Kontsumo ohituretan hainbat aldaketa eginda janari eta diru asko alferrik galtzea saihestu dezaketela ohartarazi die Jose Luis Segurak, EKA Euskal Herriko Kontsumitzaileen Antolaketa elkarteko komunikazio arduradunak.
Datuok ikusita, Segurarentzat «begien bistakoa» da herritarrek "behar baino janari gehiago" erosi ohi dutela, eta "neurri handi batean, gaizki erabiltzen" dutela janari hori. Kopuruok, ordea, asko jaits daitezkeela sinetsita dago, betiere "jakien erosketan, prestaketan nahiz kontserbazioan zentzuzko neurri batzuk hartzen badira". Zentzuz aritzea baita, harentzat, gakoa. Aurreikuspenean hasten da zentzua: "Familiako kideen eta etxean egiten diren otorduen kopurua kontuan hartuta asteko menuak aurretik pentsatzea oso lagungarria da behar baino janari gehiago ez erosteko, eta erosten denari probetxurik onena ateratzeko". Dendara joan aurretik etxean dugun janariari begiratua ematea komenigarria da. "Zentzuz pentsatutako erosketa zerrenda ere egin behar da, benetako beharren arabera eta norbere gaitasun ekonomikoaren arabera". Sinplea izanagatik garrantzirik galtzen ez duen aholku bat ere eman du Segurak: hobe dendara gosez ez joatea.
Hozkailua eta jakiak gordetzeko tokiak ongi antolatzea ere oso lagungarria izan daiteke. Jakiak erosketa edo iraungitze dataren arabera ordenatzea komeni dela dio, "behar den ordenan kontsumitzea errazteko". Hozkailua, berriz, jaki bakoitzak behar dituen kontserbazio baldintzen arabera antolatzea proposatzen du: atean, edariak, arrautzak, gurinak, saltsak eta antzekoak; goialdean, hotz gutxiago behar duten jakiak —hestebeteak, janari prestatuak, desizoztu nahi direnak...—; beheko apaletan, hotz gehiago eskatzen dutenak —arraina, haragia...—; eta saskietan, frutak zein barazkiak. Jakiak ongi izozteari nahiz desizozteari ere erreparatzeko aholkatu du. Zerbitzatzean, berriz, anoa txikiak hobestea, eta otordua amaituta, soberan den janaria beste baterako gorde edota beste zerbait prestatzeko baliatzea ere gomendatu du.
Bertako produktuak
Jakien jatorriari erreparatuta ere har liteke neurririk, EKAko ordezkariaren iritziz. "Hobe bertokoak edo gertukoak eta sasoikoak, urrutitik datozenak eta sasoiz kanpokoak baino. Motxila ekologiko txikiagoa dute, eta bertoko edo gertuko ekonomiari laguntzen diote". Denda txikiak ala saltoki handiak aukeratu, noiz nola ikusi behar dela dio, baina EKAkoek "denda txikiei, auzoko dendei begikotasun handiagoa" dietela adierazi du; "eskaintza eta presioak albora utzita, denda txikiek bizitza ematen diete herri eta hirietako kaleei".
Datuok ikusita, jakiak botatzeak ingurumenean dituen eraginez "sentsibilizazio gutxi dagoela" onartu beharko dela dio Segurak. Krisiak horretan hoberako eragina izan beharko lukeela dio, baina "tamalez, aurkako" joera erakusten dute, oraingoz, datuek.