Aurreko astean ETAko kide direlakoan Guardia Zibilak atxilotu zituen lau lagunek torturak salatu zituzten larunbatean, eta atzo euren abokatuei jakinarazi zietenez, sexu jazarpena eta xantaia izan ziren horien artean. Daniel Pastorrek etengabeko mehatxuak eta irainak salatu ditu, eta Lorena Lopez bikotekidea ere atxiloturik zegoenez, xantaia egiteko erabili dutela saltu du. Lopezen oihuak entzuten zituen alboko ziegan, eta Pastorrek "egoera ezin jasanda" bere burua zauritzea erabaki zuen, buruarekin eta ukabilekin pareta joaz. Salaketa epailearen aurrean egin zuen.
Batriz Etxeberriak sexualki jazarri dutela salatu du, eta biluzketak, ukimenak eta kolpeak jasan dituela. Gara egunkariaren arabera, gainera, makil batekin bortxatu zuten. Iñigo Zapirain bere bikotekideari ere xantaia egin diote. Biek ere kolpeak eta buruan poltsa jarri dietela salatu dute. Lorena Lopezek presio psikologikoak eta mehatxuak salatu ditu. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak tortura kasu baten aurrean daudela esan du: "Zapateroren Gobernuak beste behin errebindikatu gabeko bortizkeria itzela jarri du mahai gainean, noiz eta gure herrian bakerantz eta demokraziarantz urrats atzeraezinak ematen ari diren une politiko honetan".
Tortura, ordea, Euskal Herrian ez dagoela agenda politikoan salatu du, eta "Egipton eta Libian izandako tortura salaketak eskandalutzat jotzen dituzten askok eta askok" errealitate hori ez dutela ikusi nahi. "Gernikako akordioak jasotzen duen ataleko bat torturarena izanik, eta azken salaketak ikusirik, urgentziaz gainditu beharreko jarduera dela hau deritzogu. Zentzu honetan eragile politiko, sozial eta sindikal ezberdinek harturiko konpromisoak garatzeko garaian gaudela uste dugu. Herritarren presioa, erakundeen esku hartzea eta nazioarte eragileen jarrera argia beharrezkoak izango dira tortura gure herritik behin betirako desagertu dadin. Zentzu honetan aste honetan bertan urrats berriak emango ditugula aurreratu nahi dugu".