Aurreko astean Bilbon eta Galdakaon atxilotu zituzten lau lagunek egindako sexu gehiegikeri eta tratu txar salaketak ikertzeko eskatu dio gaur Aralarrek Fiskaltzari. Aintzane Ezenarro bozeramaileak ohar batean jakinarazi duenez, gainera, Eusko Legebiltzarrari proposamen baten bidez eskaera bera egiteko eskatuko dio.
Ikerketa egitea ezinbestekoa da Ezenarrorentzat, eta "berme guztiekin" egin behar dela gaineratu du. Motibazio politikoko biktimen txostenean tortura kasuak ez direla behar bezain beste ikertu ondorioztatu zela gogoratu du, eta, bide batez, atzo Europako Auzitegiak Aritz Beristainen tortura salaketaren inguruan hartu zuen erabakia gogoratu du; kasu horretan Espainia 23.000 euroko isuna ordaintzera zigortu du, "tratu txar salaketa ez ikertzeagatik".
"Guzti horregatik Beatriz Etxebarriak egindako sexu gehiegikeri salaketa derrigorrezkoa da, baita atxilotuek egin dituzten mehatxu eta tratu txar salaketak ere. Are eta gehiago iraganeko hutsegiteak gainditu nahi badira, eta demokrazian eta giza eskubideen bermean sakondu nahi bada", azaldu du Ezenarrok.