Eusko Jaurlaritzako lehendakaria Juan Jose Ibarretxe zela, orduan argitaratu zen aurrenekoz Bakerako urratsak material didaktikoa. Garai hartan kaleratu zuen Bakeaz fundazioak, bere aldetik, Marka uzten diguten istorioak. Fundazio horrek ere orduko Hezkuntza Sailaren oniritzia zuen, eta ikastetxeetan banatzeko erabili zuen. «Ebaluatu egin ditugu, eta material onak direla ondorioztatu dugu. Guk ikasleen adinera egokitu ditugu, eta testigantza gehiagorekin aberastu ditugu», azaldu Isabel Zelaa Hezkuntza sailburuak. Bizikidetza Demokratikorako eta Indarkeriaren Deslegitimaziorako Planari lotutako material didaktikoaren muina dira bi lan horiek. Eskola Bakegune zentroaren webgunean daude eskura.
Marka uzten diguten istorioak lanak, esaterako, zortzi lekukotza jaso zituen 2006ko edizioan. Gaur egun, ordea, hamazazpi indarkeria kasuren kontaketek osatzen dute. Gehien-gehienak ETAk eragindako biktimak dira. Irene Villareba da aurrenekoa, 1991ko urrian zauritu zena atentatu batean, eta Fernando Buesaren alaba Sara Buesarena azkena. Bien artean daude, besteak beste, 1986ko abendutik 59 egunez ETAk bahituta izan zuen Jaime Caballero Urdanpiletarena, Gipuzkoako Gobernadore Militar izandako Rafael Garrido Gilen alargun Daniela Velascorena eta Isaias Carrascoren alaba Sandra Carrascorena.
Deigarria da hamazazpi horietatik guztietatik hiru testu baino ez direla ETArekin lotura zuzena ez dutenak. Bata Txema Urkijo Terrorismoaren Biktimen Laguntzarako Zuzendaritzako kideak idatzitako artikulu bat da. Bertan zera dio estatu terrorismoaz. «Ez dira terrorismo mota horien biktimak baztertu edo ahaztu behar, haien biktimak gure artean baitaude, eta ETAko biktimek dituzten eskubide berberak baitituzte», dio idatzian, besteak beste. AAA, Batallon Vasco Español, Grupos Anti ETA eta GAL taldeek egindako ekintzen (74) eta eragindako heriotzen (65) kontaketa ere egiten du.
Beste bi lekukotzak GAL Grupos Antiterroristas de Liberacion izeneko taldeak eragindako biktimenak dira. Lehenengoan Juan Carlos Garciaren alargun Laura Matinen hitzak jaso dira. 1987ko uztailean hil zuten bere autoan bonba bat jarrita. «GAL taldearen biktimak garenok ezin izango dugu aldarrikatu biktima errugabe gisa dugun izaera, aurrez ETA talde terroristak egin dituen atentatu guztiak gaitzesteko gauza ez baldin bagara. Gizartearen aurrean justizia aldarrikatzen jarraitzeko eduki behar den aginpide moral aski izan nahi badugu, ETA zorrotz gaitzetsi behar dugu», dio Martinek idatziaren hasieran. «ETAren krimenak zuritzeko» erabili nahi izan dutela ere salatzen du.
GAL taldearen bigarren biktima abizenik ematen ez den Jose Antonio izeneko postari donostiarra da. GALek Iñigo Iruin abokatuari bidalitako paketea zeramala eskuetan lehertu zitzaion. Haren arrebak esandakoak jasotzen dira lekukotzan. Besteak beste, bere nebaren heriotzaren «erabilera politikoa» salatzen du: «Herrian manifestazioak izan ziren atentatua gaitzesteko eta familiari laguntza emateko, baina politikoki manipulatuta egoten ziren beti. Lagun askok laguntza eta sostengua eman zizkidaten. Hori onartu eta eskertu behar dut. Baina bakarrik sentitzen nintzen».
Zortzi urrats, banan-banan
«Terrorismoaren biktimez» gain, bestelako indarkeria motek eragindako biktimen testigantzak ere jaso ditu Bakerako urratsak lanak. Orotara, 11 kontakizun dira. Zortzi urratsek osatzen dute material didaktiko hau. Aurrenekoan bakea eta bizikidetza zer den azaltzen zaio ikasleari. «Ez dago biktimen presentziarik hasieratik. Testuinguru orokor batetik abiatzen da bidea», dio Hezkuntza Saileko irakasleriaren laguntza-zerbitzuetako kide den Jesus Prietok.
Askotariko indarkeria bildu nahi izan dutela erakusteko, 4. urratsari egin dio aipamen. Eskolan sufri daitekeen edozein indarkeriari buruzko gogoeta eginarazi nahi diete ikasleei. «Ikasgelan gerta daiteke eraso xenofobo bat, adibidez, edo emakumeen aurkakoa. Baita ikasleen arteko jazarpen kasuak ere», dio.
Hurrengo urratsean egiten dute aurreneko agerpena biktimek. Biktimak zer diren azaltzen da, eta haien testigantzak jaso. Den-denak idatziz daude, eta horietako batzuk, soinu artxibo moduan. Testuetan, 2004ko martxoaren 11n Madrilen izandako atentatuaren biktima bat ere badago. Soinu bidez entzun daitezkeenak, berriz, guztiak ETAk eragindako biktimak dira. Horiekin batera, epaitegietako autoak ere badaude.
Bakerako Hezkuntza Plana
Aurreko materiala, baina «aberastua»
Aurreko Jaurlaritzak erabilitako 'Bakerako urratsak' eta 'Marka uzten diguten istorioak' material didaktikoak gaurkotu ditu Hezkuntza Sailak. Biktima gehiagoren lekukotzekin egokitu dituztela azaldu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu