Aurreko zuzendaritzaren kontuak ikuskatuko ditu San Markok

Juan Carlos Merino presidenteak dio «kontrolik eta zuhurtziarik gabe» gastatu zutela

Erredakzioa
Donostia
2010eko azaroaren 3a
00:00
Entzun
San Marko mankomunitateak aurreko zuzendaritzaren kudeaketaren kontuak ikuskatuko ditu. Hala onartu zuten atzo zuzendaritza berriak egindako lehen bileran. «Gastuak diru sarrerak baino gehiago izan ziren. Zegoena baino 900.000 euro gehiago gastatu ziren. Gastu hori, gainera, kontrolikgabe egin zen; egungo krisi egoerak eskatzen duen zuhurtziarik gabe», adierazi zuen Juan Carlos Merino presidenteak.

Gainera, aurreko zuzendaritzak hasitako auzibideen inguruko azterketa bat egitea onartu zuen. Salatu dutenez, ehun inguru dira. San Markoko zabortegiaren behin betiko zigilatzearen egoerari buruzko azterketa ere egin zen, eta hainbat kargu berriren izendapena ere onartu zuten. Tartean, behin-behineko kontu ikuskatzaile bat eta idazkari bat izendatu zituzten.

Hain zuzen ere, aurreko kontu hartzailea eta idazkaria kargutik kentzea izan zen mankomunitateko zuzendaritza berriak hartutako lehen erabakia. Imanol Azpirozek, orduko jarduneko lehendakariak, erabakia salatu zuen. «Erakundea ezer gabe utzi nahi dute, eta horrek esan nahi du erakundea geldiarazi nahi dutela. Ez genuen erabakia espero».

Aurreko zuzendaritzaren lana defendatu zuen orduan Azpirozek. «Hiru urtez lan eta lan aritu gara, zuek ez bezala. Gaikako bilketari sekulako bultzada eman diogu, eta horrek agerian utzi du diputazioak errauste plantarekin egin nahi duen basakeria». Hala, Merinori «munduko zorterik txarrena» opa zion, errauste planta eraikitzeko lanetan, «herritarrei kalte egiteko ahaleginetan».

Merinok, bere aldetik, adierazi zuen «baztertzailea eta erradikala» izan zela hondakinen atez ateko bilketaren alde aurreko zuzendaritzak eginiko apustua. Gainera, salatu zuen San Markoren funtsak erabili zirela atez atekoa bultzatzeko. «San Markoko presidentea naizen aldetik, sistema hori ezarri nahi duten udalek askatasun osoa izango dute, baina beren poltsikotik ordainduta».

Hala, auzitan jarri zuen aurreko zuzendaritzaren kudeaketa, eta horri lotuta ikuskatuko dituzte kontuak. Merinok, halaber, berretsi zuen errauste plantaren alde dagoela. «Aukera guztiak txarrak izanik ere, onena da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.