Legazpiko eta Zizurkilgo galdeketen ondoren, asteburuan Gipuzkoako beste lau herritan antolatu dituzte herri galdeketak hondakinak biltzeko moduari buruz. Atez atekoaren aurkako taldeek antolatu dituzte bozketak. Aurrekoetan baino erantzun apalagoa izan dute, nolanahi ere. Plataformek eurek emandako datuen arabera, botoa emateko aukera zutenen %35-40k eman dute iritzia. Onartu dute beste bi galdeketetan baino eskasagoa izan dela parte hartzea, eta udalen "presioari" egotzi diote jaitsiera hori.
Herriz herri, datu hauek zabaldu dituzte atez atekoaren aurkako taldeek:
Ordizia. 2.838 boto jaso dituzte, deituta zeudenen %40 ingururenak, beraz. Bosgarren edukiontziaren aldekoak izan dira gehien-gehienak: 2.765. Atez atekoaren alde 40k egin dute, baliogabetzat jo dituzte 30 boto, eta hiru zuri izan dira.
Villabona. 1.625 boto bildu dituzte; hortaz, aukera zutenen %36k eman dute iritzia. Atez atekoaren aldekoak bederatzi izan dira, eta 1.613, bosgarren edukiontziaren aldekoak. Hiru boto baliogabetzat hartu dituzte.
Anoeta. Galdeketan 498 pertsonaren botoak jaso dituzte. %35ekoa izan da, beraz, parte hartzea. 493 izan dira bosgarren edukiontziaren aldekoak, hiru atez atekoaren aldekoak, bat txuria, eta bat baliogabea.
Irura. Aukera zutenen %40k eman dute botoa, 464 pertsonak. Bosgarren edukiontziaren alde agertu dira 457, eta atez atekoaren alde, bost. Boto bat zuria izan da, eta beste bat, baliogabea.
Ikuskari gisa aritzea eragotzi dietela salatu dute Villabonako, Anoetako eta Irurako herritar batzuek. Horren aurrean, hauteslekuen atarian jartzea erabaki dute, eta zenbatu egin dute zenbat pertsona joan diren botoa ematera. Plataformek zabaldutako datuak baino apalagoak eman dituzte haiek: Anoetan, adibidez, 445 pertsona zenbatu dituzte. "Kopuru horren baitan bada behin baino gehiagotan bozkalekura sartu denik, edota herrikoa izan ez, eta bertaratu denik ere".
Ordizian, bai, izan dute aukera ikuskari aritzeko. Bilduk ohar baten bidez eman ditu datuak, eta adierazi du zuzenean 2.488 herritarrek eman zutela botoa galdeketan; erroldaren %31 da hori. Bilduk ez ditu aintzat hartu boto delegatuak, "ez baitute bermerik eta baliorik".