Jose Antonio Pastor PSE-EEk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak azaldu du Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako aurrekontu proiektuak baldintzak betetzen dituela EAJrekin akordio bat bilatzeko, eta zehaztu du negoziazioei ekiteko jarritako aurrebaldintzek isla dutela aurrekontuetan.
Eusko Jaurlaritzak jarreraz aldatu duelakoan, pozik agertu da Pastor. Hala ere, ez du bermatu PSEk aurrekontuak onartuko dituenik. Gogorarazi du Jaurlaritza "ahula" dela "gutxiengoan" dagoelako, eta argitu PSEk "euroz euro" aztertuko duela proiektua.
EH Bilduk, berriz, "prestutasun osoa" agertu du aurrekontuak hitzartzeko: "Sinesten dugu posible dela". Hala ere, nabarmendu du aurrekontu proiektuak gizartea "murrizketak jasaten jarraitzera" zigortzen duela. Horrez gain, jakinarazi dute zeintzuk izango diren koalizioaren izenean aurrekontuak negoziatzeaz arduratuko direnak: Unai Urruzuno, Dani Maeztu, Oskar Matute eta Leire Pinedo.
PPk bilera bat egiteko eskatu dio EAJri, baina susmoa du jeltzaleek akordio bat "itxita" dutela jada PSErekin. Nerea LLanos EAEko PPko idazkariaren ustez, litekeena da jada "argazki" bat egotea aurrekontuak onartzeko. Gaineratu du EAJk eta PSEk alderdien interesen arabera negoziatzeko arriskua dagoela.