Laura Mintegi EH Bilduko bozeramaileak Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusiak atzo adierazitakoaren ildotik jo du gaur. Haren arabera, Jaurlaritzak aurrekontu proiektua aldatu ezean "oso zaila" izango da osoko zuzenketarik ez aurkeztea.
ETBn egindako elkarrizketa batean Mintegik esan du Iñigo Urkulluren gobernuak "entzuten ari den guztia integratu" egin beharko lukeela aurrekontu proiektuan, bai alderdietatik, sindikatuetatik, baita herritarren aldetik entzuten ari dena ere.
Mintegiren iritziz, gobernuak oraindik badu "zuzenketarako tartea". Haren arabera, "hipotesi oker batetik" abiatzea da 1.200 milioi euro gutxiagorekin abiatzea, "[Mariano] Rajoyren gobernuaren inposizioari jarraituz".
Bestetik, argitu du ez dela aurretiazko akordiorik egon Bilduren eta PSE-EEren artean Gipuzkoako Aldundian eta Donostiako Udalean aurrekontuak aurrera ateratzeko.