Aurrekontuak atzera botatzeko eskatu du EILASek

«Gehienen interesen» alde egiteko eskatu die Eusko Legebiltzarreko taldeei, eta hezkuntzako murrizketak salatu ditu

Jon Rejado.
Gasteiz
2011ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari aurrekontuak atzera bota eta «irizpide sozialak» aintzat hartuta berregiteko galdegin die EILAS sindikatuak. Eusko Legebiltzarraren aurrean bildu ziren sindikatu horretako dozenaka kide atzo, eta legebiltzar taldeei eskaera hori egin zieten. Jaurlaritzak gizartearen beharrei erantzuteko ahaleginean «porrot» egin duela adierazi, eta «hutsegiteen errua» funtzio publikoko langileen bizkarretik konpondu nahi duela salatu zuten. «Aseezinak dirudite, era guztietako eskubideak murrizten ari dira, baina ez gaude prest hori geldirik onartzeko».

Nafarroako Gobernuak eta Jaurlaritzak gizarte zerbitzuetan egindako murrizketen artean hezkuntzakoek duten garrantzia nabarmendu du EILASek. «Argi dago hezkuntza ez dutela inondik inora ere lehenesten». Hezkuntzako aurrekontua Nafarroan %7 eta EAEn %0,9 murriztu dutela gogorarazi zuen, eta horrek eragin ditzakeen kalteen berri eman zuen, legebiltzarraren aurrean egindako ekintzaren bitartez.

'Ken ez da gehi'

Eskola kalera atera zuten EILASko kideek, salaketa herritarrei gerturatzeko. Zelaako eskola lelopean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuari abestiak eskaini zizkioten EILASko kideek, ikaslez jantzita. Pirritx eta Porrotxen Maite zaitut kantaren doinua erabilita, «ez dugu nahi eta ez dugu onartzen betikoek ordaindu behar izatea» abestu zioten Isabel Zelaari, besteak beste.

Ken ez da gehi izeneko matematika saioarekin bukatu zuten antzerkia. Ingelesera edo Eskola 2.0 egitasmoetarako egindako aurrekontua handitu arren euskarak, irakasleen prestakuntzak, ordezkapenek eta hornikuntzak diru gutxiago jasoko dutela gogorarazi zuten. Neurri horiek guztiak kalean jarritako zakarrontzira jaurti zituzten ikasleek, Zelaari txistu egiten zioten bitartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.