arabako aurrekontuak

Aurrekontuak aurrera Araban, EH Bildurekin

Gaur onartu dituzte kontuak, EH Bilduk EAJri eta PSEri babesa emanda. Kontu "aurrerakoiagoak" direlako arrazoitu du alde bozkatzea koalizioak.

EH Bilduko bozeramaile Kike Fernandez de Pinedo, atzo, Arabako Batzar Nagusietan egindako agerraldian. BERRIA
Hodei Iruretagoiena
2015eko abenduaren 29a
12:34
Entzun

EH Bilduren babesarekin onartu dituzte gaur 2016ko aurrekontuak Arabako Batzar Nagusietan. Koalizio subiranistako bozeramaile Kike Fernandez de Pinedok baieztatu zuen EAJk eta PSE-EEk aurkeztutako proiektuaren alde egingo dutela; haren hitzetan, azken asteotako negoziazioen ondoren aurrekontuak "sozialagoak" eta "aurrerakoiagoak" izatea lortu dutelako.

Aldeko 29 botorekin irten dira aurrera aurrekontuak; kontrako botoak 20 izan dira, PPk, Ahal Dugu-k eta Irabazik bokatu dute aurka.

Adostasun bila, negoziatzen aritu dira talde politikoak azken asteotan. Abenduaren 15ean, Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak iragarri zuen EH Bilduk aurkeztutako zuzenketa gehienak onartuko zituztela, eta hala egin zuten joan den astean. Gonzalezen hitzetan, "norabide onean" doaz koalizio subiranistaren proposamenak. PPren zuzenketak, aldiz, atzera bota zituzten.

Fernandez de Pinedok azaldu duenez, bete dituzte negoziazioen aurretik jarritako helburuak. Besteak beste, PP "bakartzea", N-124 errepiderako proiektua bertan behera uztea eta aurrekontuak "aldaketaren isla" izatea aipatu ditu. "Udal eta foru hauteskundeen ostean, EH Bilduk aldaketa gauzatzeko konpromisoa hartu zuen, eta, uda ostean, pertsonen gainetik politikak ere aldatu behar zirela iragarri genuen", azaldu du EH Bilduko bozeramaileak: "Lehen aldiz aurrekontuetan eragiteko aukera genuela esan genuen, eta horretan aritu gara azken asteotan".

EH Bildu: "Lorpen asko"

Prozesu horretan, 40 bat eragilerekin egin dituzte bilerak, Fernandez de Pinedok jakinarazi duenez: "Asko dira EH Bilduren lorpenak". Besteak beste, adibide gisa jarri du etxez etxeko laguntzak handitu eta, mendetasunen bat dutenen kasuan, eskubide subjektibo gisa jasotzea; gizarte zerbitzuetako hitzarmena betetzeko diru sail bat jartzea; neurriak hartzea enplegu publikoa sustatzeko; kultura eta euskara sustatzeko diru sailak handitzea. Baita Zanbranako autobia proiektua geratu izana ere, Fernandez de Pinedoren hitzetan, kontuak "hipotekatu" egiten baitzituen horrek. Sei milioi eta erdi eurokoak izan dira EH Bilduk aurrekontu proiektuan eragindako aldaketak, koalizioaren kalkuluen arabera.

PPk Gasteizko alkatetza eta Arabako Aldundia galdu ondoren, azken lau urteotan Javier Marotoren eta Javier de Andresen alderdiak egindako politika aldatzea zen EH Bilduren erronka, eta hori lortu dutela nabarmendu du Fernandez de Pinedok. Ohartarazpena ere egin die, ordea, jeltzaleei eta sozialistei: "Erne egongo gara, aurrekontuak zenbateraino betetzen diren". EH Bilduko eledunaren esanetan, akordioa aurrekontuak onartzera mugatzen da, eta "oposiziotik lanean" jarraituko dute aurrerantzean, bi helburu nagusirekin: zerga politika aldatzea, eta tokiko erakundeen finantzaketa handitzea.

PP haserre, EAJ eta PSErekin

PP kexu agertu da jeltzaleekin eta sozialistekin. Batzar Nagusietako bozeramaile Javier de Andresek salatu du ez dietela jaramonik egin, "EH Bildurekin luzerako akordio bat daukatelako". De Andresek esan du subiranistak "gustura uzteko" bideratu dituztela zortzi milioi euro "txiringito nazionalistetara", kultura eta euskara sustatzeko diru sailak aipatuz. Aurkako botoa emango dute PPkoek, "inbertsio gehiagoko" aurrekontuak nahi dituztela argudiatuta.

Iaz, EAJrekin negoziatzen aritu ondoren, De Andresen gobernuak ez zuen lortu Arabako aurrekontu proiektua aurrera ateratzea, ez baitzuen gainerako taldeen babesik lortu. 2014koak luzatu zituzten 2015erako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.