Espainiako aurrekontuak babestea «zaila» dela baina jeltzaleek «egonkortasunaren» alde horien alde egin behar dutela aitortu zuen atzo EAJko diputatu Pedro Aspiazuk. Datorren urteko aurrekontuei aurkeztutako osoko zuzenketen eztabaida atzo hasi zen Kongresuan, eta horren karietara mintzatu zen Aspiazu. Espainiako Gobernuari egonkortasun instituzionala eta ekonomikoa emateko konpromisoa dutela azaldu zuen, eta, beraz, «erantzukizunez» jokatu dutela.
EAJren eta Espainiako Gobernuaren arteko akordioa hizpide izan zuen, halaber, Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako eledunak. Haren ustez, ez da «marra gorririk» zeharkatu akordio horretan, ez baita hautsi Gizarte Segurantzaren kutxa bakarra.
Gainera, Mendiak adierazi zuen azken urtebetean gauzak «asko» aldatu direla, urriaren 25ean EAJk uko egin ziolako Estatutuaren urteurrena ospatzeari. Ordea, EAJk behin eskumenen inguruko akordioa lortuta, Estatutuaren urtemuga ospatzeko arrazoiak badituela esan zuen Mendiak. Hori horrela, datorren astelehenean Jaurlaritzak Estatutuaren urtemuga osatzeko egingo duen ekitaldira parte hartzera deitu zituen jeltzaleak.
Zapateroren «gainbehera»
Bestalde, Espainiako Gobernuak EAJrekin eta Koalizio Kanariarrarekin lortutako aurrekontu itunarekin kritiko azaldu zenPPko presidente Mariano Raxoi. Haren ustez, Espainiako Gobernuko presidentearen «gainbehera» luzatzen ari dira bi alderdi horiek. Raxoiren arabera, Espainiako aurrekontuek «ez dute kongruentziarik, ez dira egokienak, ez dira sozialak, ezta zorrotzak eta fidagarriak ere».
Horren haritik, PSOEk Koalizio Kanariarrarekin lortutako akordioaren ondorioz, PPk alderdi horrekin Kanaria uharteetan duen gobernu ituna apurtu zuen atzo. PSOEk «erantzukizunez» jokatzeko eta gogoeta egiteko eskatu zion PPri.
Aurrekontuen alde egotea «zaila» dela aitortu du EAJk
EAJren eta PSOEren arteko akordioak ez duela «marra gorririk» zeharkatu uste du Eusko Jaurlaritzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu