EAEko aurrekontuak

Aurrekontuen eztabaida termino politikoetara eramatea egotzi die Zenarrutzabeitiak gainerako alderdiei

Gaur, 2005 urterako aurrekontuei PSEk, PPk eta SAk aurkeztutako osoko zuzenketen eztabaida hasi dute Eusko Legebiltzarrean. Jaurlaritzako lehendakariorde Idoia Zenarrutzabeitiak salatu egin du hiru talde horien jarrera, bere ustez, "aurrekontuez hitzegin nahi ez", eta eztabaida "termino politikoetara" eraman dutelako. Osoko zuzenketa horiek ez onartzea espero da, banaka bozkatuko direnez. Bozketa hilaren 28an egingo da.

2004ko abenduaren 16a
16:31
Entzun
Jaurlaritzako lehendakariorde Idoia Zenarrutzabeitiak ireki du 2005erako EAEko aurrekontuen proposamenaren osoko zuzenketak eztabaida, Eusko Legebiltzarrean. PSEk, PPk eta SAk aurkeztu dituzte osoko zuzenketak, baina horietako inor ez onartzea espero da, hirurak banaka bokatuko baitira.

Zenarrutzabeitiak berrikuntza bezala UAren babesa azpimarratu du. UAk Jaurlaritzak aurkeztutako aurrekontuen aldeko boza emango du aurten, eta beraz, berdinketa teknikoa izatea espero da, 37 bozka aurrekontuen alde eta 37 kontra.

Beste hiru taldeei (PSE, PP eta SA), berriz, "blokean" jarraitzen dutela leporatu die. Hiru talde horiei aurrekontuez eztabaidatu nahi ez izatea leporatu die, eta eztabaida "termino politikoetara" mugatzea. Hiru horiek "elkar behar" dutela, eta "bilatu eta aurkitu" egiten direla salatu du Zenarrutzabeitiak, bere ustetan, "bai baitakite Gobernuaren gehiengoa hankaz gora bota dezaletela".

Jaularitzaren proiektuan, diru guzitaren %72 gizarte gastuetara bideratu direla nabarmendu du lehendakariordeak. Iaz, oposizioko taldeek gabezi horretaz hitzegin zuten arren, aurten zifra baikorrak daudelako "tokatzen ez denez ez dute hitzegiten" salatu du.

PSEko legebiltzarkide Joana Madrigalek, berriz, bere taldeak proposatutako osoko zuzenketa defendatu du. Esan duenez, bere taldeak ez du "nazionalisten norabidea baliozkotuko". Madrigalek esan duenez, Jaurlaritzak aurkeztutako aurrekontuak aurtengo legegintzaldiko kontuak isteko dira, "estatutu markoarekin amaitzeko obsesioarekin". Horregaitik, Jaularitzari "politika letra handiz egiteko" eskatu die.

SAko legebiltzarkide Rakel Peñak ere hitz egin du, eta hark esan duenez, "ezin" dituzte Jaurlaritzak proposatutako aurrekontuak onartu, "subiranotasun ariketari muzin egiten diolako eta egungo markuaren jarraipena dakarrelako". Azpimarratu duenez, beraiek ez daude "inondik inora ados" Jaurlaritzak proposatzen duen modelu politiko, sozial eta ekonomikoarekin.

Espainiako Gobernuak eman ez dituen eskumenengatik bost mila milioi pezetajoaten direla azpimarratu du Peñak, eta bere ustez, "diru hori berreskuratu egin beharko litzateke, baina ez da egiten". Gainera, egungo marku juridiko politikoa gainditzeko ez dela batere dirurik aurreikusten salatu du. Beraz, hirukoaren proiektua "marku honetan hasi eta marku honetan amaitzen da" Peñaren iritzian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.