ABENDUAK 11, asteartea
09:30. Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran da Pedro Azpiazu Ogasun sailburua. EH Bilduri leporatu eta gero proposamen “bidera ezinak, onartezinak” eta “juridikoki arriskutsuak” egin izana, ultimatuma koalizioari: akordiorik ezean asteazkenetik ostegunera bitarteko gauerdian, Jaurlaritzak aurrekontu proiektua erretiratuko du, eta 2018koak luzatuko. Eskaintza bat du mahai gainean: pentsiorik apalenak 784 euroraino osatzea 2019an, eta 823 euroraino igotzea 2020an.
13:30. Amaitu da osoko bilkura. EH Bilduk, bi abstentziorekin, kontuen proiektuaren tramitazioak aurrera egin ahal izatea ahalbidetu du, Elkarrekin Podemosen eta PPren osoko zuzenketei bidea moztuta. Kontuei tramite bakarra igarotzea falta zaie: behin betiko onarpena, abenduaren 21eko osoko bilkuran.
14:00. Epeak epe, jarrerari eusten dio EH Bilduk, pilota Jaurlaritzaren teilatura itzulita. Iker Casanova EH koalizioko legebiltzarkideak, ETBn: “Azpiazuren ultimatuma Jaurlaritzari zuzenduta dago, harena delako aurrekontuak aurrera ateratzeko ardura”. Koalizioko iturriek keinuak espero dituzte, halere: “Mugituko dira; hori, ziur”.
ABENDUAK 12, asteartea
09:30. Baita mugitu ere. Legebiltzarrean sartzearekin batera, Iriartek baieztatu du Jaurlaritzaren beste proposamen bat aztertzen ari direla. Hala baieztatu du Jaurlaritzak: 2019an %7 haztea diru sarrerak bermatzeko errenta, eta beste %5 2020an. Euskadi Irratian, Itxaso Atutxa EAJko Bizkai Buru Batzarreko presidentearen lausenguak EH Bilduri: “heldutasuna” erakutsi duela eta bi indar politikoek “lan izugarria” egin dutela. Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak erantzun dio Iriarteri: gobernuak “aurrekontuen alorrean egin zezakeen guztia” egin du akordioa lortzeko.
15:00. EH Bilduren erantzuna Jaurlaritzari: proposamena ez da “inola ere” nahikoa. Iriartek legebiltzarrean gogora dakartza koalizioaren baldintzak: pentsioak 858 euroraino osatzea eta horrela “murrizketak rebertitzea”, pentsioen osagarriak 190.000 lagunek jasotzea eta kontratazio publikoetan 1.200 euroko gutxieneko soldata ezartzea.
16:00. Azpiazuren agerraldia legebiltzarrean: “Uste dut ez dutela ongi irakurri azken proposamena”. Hala ere, beste eskaintza bat jarri du mahai gainean; “behin betikoa”: pentsio apalenak osatzera bideratutako dirua —DSBE diru sarrerak bermatzeko errenta dela medio— %7 igotzea 2019an, %6 2020an, eta 2021ean igoera izatea KPI kontsumorako prezioen indizea gehi %1. Eurotan, hilean 783 jasotzea datorren urtean (orain baino 51 euro gehiago) eta 830 2020n: “2021an, hartzaileak 856ra iritsiko lirateke KPI %2 haziz gero (handiagoa balitz, kopuru hori gaindituko luke”. EH Bildurentzat, “praktikan” aldaketarik gabeko eskaintza da.
19:25. Maddalen Iriarte, Twitterren: “Ez dugu etsiko herritarren bizitzak hobetzeko ahaleginean. Berriro jarri gara harremanetan Gobernuarekin 2019ko Aurrekontuetan pentsiodunen eta prekarietatean dauden pertsonen aldeko proposamena berretsiz. Jaurlaritzaren esku dago”.
Ez dugu etsiko herritarren bizitzak hobetzeko ahaleginean. Berriro jarri gara harremanetan Gobernuarekin 2019ko Aurrekontuetan pentsiodunen eta prekarietatean dauden pertsonen aldeko proposamena berretsiz. Jaurlaritzaren esku dago. #Aurrekontuak2019
— Maddalen Iriarte (@MaddalenIriarte) 2018(e)ko abenduaren 12(a)
ABENDUAK 13, osteguna
00:00. Jaurlaritzaren oharra; laburra eta zehatza: "Abenduaren 13ko 00:00etan, Eusko Jaurlaritzak ez du erantzunik jaso EH Bilduko talde parlamentarioaren aldetik bere azken eskaintzari. Horrenbestez, 08:00etan ezohiko gobernu kontseilua egingo du. Jaurlaritzak lanean jarraituko du euskal gizartearen beharrei erantzuteko aurrekontuak luzatuta".
01:26. Iriarte, Twitterren: "Gobernuak ez die erantzun herritarren eskariei, ezta EH Bildurenei ere aurrekontuen alorrean. Babesak lortzeko gaitasun eza erakutsi du. Aukera handia galdu da herrialdearentzat”.
08:00. Ezohiko Gobernu Kontseiluan, aurrekontu proiektua erretiratu eta 2018koak luzatzea erabaki du Jaurlaritzak.
#Aurrekontuak Aurreikuspen sozialei, inbertsioei, langile publikoen soldata igoerari... kalte egiten dio aurrekonturik ez egoteak @Gob_eus
— Josu Erkoreka (@jerkoreka) 2018(e)ko abenduaren 13(a)