Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak gaur azaldu duenez, lehen aldiz sartu ahal izango dituzte ikasleen gurasoek aurrematrikulazio datuetan bigarren amaren edo aitaren izen-abizenak ofizialki. Orain arte agirietan amaren eta aitaren izenak eskatzen ziren. Hori aldatu egingo da aurten, baina, gizartean dauden familia eredu desberdinetara egokitzeko.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 684 ikastetxetan astelehenean hasiko da datorren ikasturterako aurrematrikulazio kanpaina. Horietatik 520tan eskaintzen dute 0 eta 2 urte bitarteko haurrentzako tokia.
Uriartek kanpainaren aurkezpenean azaldu duenez, gurasoen %94k lortzen dute seme-alabak lehen aukeran jarri duten ikastetetxean aurrematrikulatzea. Astelehenean hasi eta otsailaren 13ra arte egin ahal da aurrematrikulazioa. Internetez ere izango da aukera, otsailaren 12ra arte. Iaz, %4k soilik baliatu zuten Internet aurrematrikula egiteko.
Eskatzaileen zerrenda otsailaren 24an egingo du publiko Hezkuntza Sailak, eta martxoaren 5ean behin-behineko zerrendak aterako dituzte. Erreklamazioak jaso ondoren, behin betiko zerrenda martxoaren 26an aterako da, eta ondoren helegiteak aurkezteko epea irekiko dute, apirilaren 27ra arte.
2015-2016ko ikasturtean aldaketa handirik ez dutela espero azaldu du Uriartek. Haur eta gazte gutxiago aurrematrikulatuko direla aurreikusten du, jaiotza tasaren jaitsierak eraginda. Ikastetxe publiko eta pribatuen arteko portzentajeetan ere aldaketarik ez dute espero. Eta, ereduei dagokienez, aurten ere D eredua nagusi izango dela esan du —gurasoen %78k aukeratu zuten iaz—.