1960ko hamarkadan bidea egiten hasitako ikastetxeak dira bi horiek. Bietan, 0-16 urte bitarteko ikasleak dituzte egun, eta hezkuntza kooperatiba gisara dihardute. Ibilaldiaren bitartez, «beharrezko dituzten baliabideak» lortzeko ahalegina egingo dute, baina harago ere egin nahi dute egun horrekin. «Ibilaldia lagun izango dugu hezkuntza eredua herriratzeko, eta eskualde honetako euskara lau haizeetara zabaltzeko».
Gizartearen sektore ahalik eta zabalenetara heltzeko ahalegin berezia egingo dute datozen hilabete hauetan. «Jende askorengana ailegatu nahi dugu», ohartarazi dute, eta logotipo bat baino gehiago erabiltzeko ideia xede horrekin lotu dute, hain justu. «Irekitasunaren eta malgutasunaren seinale da, eta ezaugarri horiek zabaltzea nahi dugu, ikastolaren izaerarekin lotuta baitaude».
Logotipoak jasotzeko deia
Asmo horrekin,dei zabala egin dute Boga leloarekin logotipoak jasotzeko. Arrakastatsua izaten ari da, gainera. «Asko dira euren ekarpena egin dutenak», azaldu dute. «Baina oraindik ekarpen asko eta asko edukitzea espero dugu».
Gaur, 19:00etan, Ondarroako Kafe Antzokian, jaia aurkeztuko dute herritar guztientzat.