Ekainaren 30a baino lehen etxeko langile guztiek izena emanda egon behar dute Gizarte Segurantzan. Hala jasotzen du urtarrilaren 1etik Espainiako Gobernuak indarrean jarritako etxeko langileen erregulazioak. Horrek gainerako langileekin parekatzen ditu, baina etxeko langileen elkarteek nahiz sindikatuek salatu dute oraindik parekatzea ez dela «erabatekoa». Adibidez, langabezia kobratzeko eskubiderik gabe jarraitzen dute etxeko langileek.
Orain arte ez zeuden Gizarte Segurantzan izena emanda egotera behartuta. Kontratua ahozkoa izan zitekeen, eta erregimen berezi bat zuten. Bi datu deigarri emate aldera:Eusko Jaurlaritzak iaz aurkeztutako txosten baten arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan etxeko langile gisa lanean ari ziren hamarretik zortzi, ia guztiak emakumeak, erregimenean izena eman gabe zeuden; Nafarroan, berriz, iazko urri amaieran, 4.722 baino ez zeuden izena emanda.
Lege berriaren arabera, etxeko langileek ezin dute lanbide arteko gutxieneko soldata baino gutxiago kobratu: 641,41 euro. Gainera, aparteko bi ordainsari oso jasoko dituzte. Orain arte ere bi jasotzen zituzten, baina ez ziren osoak, erdiak baizik. Lan egiten duten lehen ordutik hasi behar dira kotizatzen. Lehen ez zen derrigorrezkoa, hogei ordu baino gutxiagoz lan egiten bazuten. Gainera, gaixoaldian dauden bitartean kobratu egingo dute.
Jatekoa eta ostatua emateagatik, gehienez soldataren %30 ken diezaiekete. Aurrez, gehienezko kopuru hori %45ekoa zen. Neurri horrek bereziki eragiten die emakume etorkinei, asko lan egiten duten familien etxean bizi baitira. Halaber, lanaldien artean atseden gehiago hartzeko eskubidea dute. Artean, askok astean atseden egun bat zuten bakarrik. Kaleratzen badituzte, lan egindako urte bakoitzeko hamabi eguneko kalte-ordaina jasoko dute. Urtarrilaren 1 arte, zazpi egunekoa zen kalte-ordaina.
Sindikatuen eta etxeko langileen arabera, «urrats garrantzitsua» da egindakoa, baina salatu dute egin zituzten eskarietako batzuk kanpoan geratu direla: adibidez, ez dute langabezia kobratzeko eskubiderik. Hori izan da aspalditik etxeko langileen eskari nagusietakoa, idatzizko kontratua izatearekin batera.
Bestalde, salatu dute hainbat alor arautu gabe geratu direla. Adibidez, lanaldien iraupena eta gauez adinekoak edo mendekotasuna dutenak zaintzean aritzen direnen betebeharrak.
Gainera, kezka azaldu dute langileek Gizarte Segurantza beren poltsikotik ordaintzeko aukera desagertu delako. Orain arte hala egiten zutenek lan egiten duten etxeko familia konbentzitu beharko dute ordaintzeko. «Horrek arriskuan jartzen du emakume etorkin askoren lanpostua, gehienak kotizatu gabe ari baitira beharrean, eta familiek ez dute beren poltsikotik ordaindu nahi», azaldu dute elkarteek. Beste batzuek, pentsio bat kobratzeko behar dituzten lanegunak betetzeko ordaintzen dute beren poltsikotik Gizarte Segurantza. Horiek ere ez dute horretarako aukera izango. Ondorioz, andre asko pentsioa jasotzeko aukerarik gabe geratuko dira. Kontratazio agentzien «gehiegikeriei» aurre egiteko neurririk ez dela proposatzen ere salatu dute.
Ikuskaritza
Gainera, uste dute ez dela guztiz desagertzen kontraturik gabe lan egiteko arriskua. Horren aurrean, Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren kasuan eskari argia egin diote Eusko Jaurlaritzari: Lanbidek eta Lan Ikuskaritzak beren gain har dezatela erregularizazio prozesuaren jarraipena. Orain arte, etxeko langileek jasandako «bidegabekerien» aurrean ezer egin ez izana leporatu diete. Hala, jarreraz aldatzea nahi dute.
Aurrerapausoa, baina ez erabatekoa
Etxeko langileen hainbat eskari kontuan hartu ditu lege berriak: Gizarte Segurantzan izena emanda egon behar izatea, adibidez. Kanpoan utzi ditu beste asko: langabezia kobratu ezinik jarraituko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu