Politikarien solasaldia

Aurrerapausuak ikusi dituzte Olanok (EAJ) eta Intxaurragak (EA) ETAren azken agirian, baina su-etena falta dela diote

ETAk herenegun plazaratu zuen agirian gatazka gainditzeko baliagarriak izan daitezkeen zantzuak sumatu dituzte EAJko buruzagitzako kide Markel Olanok eta EAko Sabin Intxaurragak, baina batak zein besteak, su-etenaren aldarrikapena bota dute faltan ETAk dioenak sinesgarritasuna izan dezan. EB Mikel Arana eta PSE-EEko Ramon Etxezarreta ezkorrago agertu dira: ETAk desagertu egiten dela iragartzea litzatekeela garrantzizkoa esan du lehenak, eta herritarren eskubideak errespetatzen ez dituen erakunde baten agiriak ezin dituela ulertu bigrrenak. Batasuneko Barrenak, berriz, ETAren agiria baloratzerakoan "betiko diskurtso politikoaren preso" ibiltzea leporatu die gainerako alderdiei. Euskadi Irratiko politikarien solasaldian egin dituzte adierazpen horiek guztiak.

2004ko urriaren 29a
14:56
Entzun
Olanol "ikuspegi orokor" batetik baloratu nahi izan du ETAren azken agiria, eta ildo horretatik, "diskurtso berri bat" dagoela iruditzen zaio. Gainera, diskurtso berri horrek ETA zein ezker abertzalea gainditzen dituela esan du, eta hein batean, euskal gizarte osoan txertatu du.Finean, 1997-1998an bizi zen giroa etorri zaiola burura adierazi du.Dena den, gatazka gainditzeko bidean jartzeko eta bake prozesu bat abian jartzeko "zehaztasuna" falta dela uste du EAJko kideak, eta ETAren kasuan su-eten aldarrikapena litzatekeela zehaztasunean sartzea iritzi dio. Olanoren iduriko, aldarrikapen hori ezinbestekoa da prozesua sinesgarri izan dadin. "Eragile batek beste batzuek hiltzeko mehatxua darabilen bitartean, ez da posible ezer abiatzea", nabarmendu du.

Bide beretik heldu dio gaiari EAko Sabin Intxaurragak. Hark ere gatazka gainditzeko lagungarri izan daitekeen diskurtso aldaketa sumatu du ETAren agirian, baina Olanok bezala, borondate hori sinesgarria izan dadin su-eten aldarrikapena behar dela azpimarratu du. "ETA gauza nabarmen batekin ez da konturatzen: gatazka politikoa gainditzeko prozesua eta bakea lortzekoa bereiztu egin behar direla. Gatazka gainditzeko bake prozesu bat behar da, bakea eskubide bat baita", adierazi du.

Batasuneko Pernando Barrenaren iduriko, berriz, "oso garrantzitsua" da ETAren azken agirian plazaratzen dena, eta ildo horretatik, eragile eta alderdi politiko askok ez dutela behar bezala baloratzen jakin kritikatu du. Hain zuzen ere, eragile eta alderdi horiek "betiko diskurtso politikoaren preso" jokatu dutela kritikatu du Barrenak. "Ez da ulertzeko atzoko agiria ikusita betiko letaniarekin erabiltzea. Ezin dute onartu ETA mugitzea, horrek eurak ere mugitu egin behar direla esan nahi baitu", esan du, eta ETAk agertu duen jarrera aldaketa bera Espainiako Gobernuak adiraztea nahiko lukeela erantsi du. Halaber, politikariek agiri horri buruz mikrofonen aurrean eta mikrofonoak itzalita esaten ari direna ez datorrela bat azaldu du.

PSE-EEko Ramon Etxezarretari, ostera,zail egiten zaio ETAren agirietan berritasunak eta ñabardurak ikustea. "Herrien eskubideen errespetua ez ezik, euskal herritar bakoitzaren eskubideen errespetua eskatzen dugunoi kosta egiten zaigu ñabardurak eta berritasunak ikustea. Zail egiten zaigu beste ezer ulertzea", adierazi du. Era berean, ETAk"arrazoi osoa" duela uste duenaren lekutik mintzatzen dela iruditzen zaio Etxezarretari, eta hori ez dela onargarria.

EBko Mikel Aranarentzat "oso sinesgarritasun txikia" dauka ETAren agiriak, hain justu, armak utziko dituela iragartzen ez duelako. Halaber, erakunde armatu horrek bere buruari alderdi politikoen adinako lekua ematen diola bake prozesu batean iritzi dio Aranak, eta hori ez dela onargarria. "Bakerako borondatea agertu du ETAk, baina eskatu behar zaio armak behin betiko uzteko, hori egiten ez duen bitartean oso sinesgarritasun txikia baitauka borondate horrek. Gainera, alderdi politiko gisa aurkezten du bere burua, eta ez daukagu harekin eragile politiko gisa zertan hitz egin. ETAk desagertu egin behar du, hori litzateke bakerako benetako aurrerapausua, ETAk desagertzen dela iragartzea".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.