Erabakitzeko eskubidea

Aurretik bozkatzeko epea ireki dute, azaroaren 18ko galdeketetarako

Donostian, Irunen, Zallan, Balmasedan eta Alonsotegin egingo dituzte etorkizun politikoari buruzko galdeketak, Gure Esku Dago-ren galdeketa olatu berrian. Erabiliko dituzten hautetsontziak aurkeztu ditu erabakitzeko eskubidearen aldeko plataformak, Aquariumean egin duen ekitaldian.

Gorka Berasategi Otamendi.
2018ko urriaren 28a
07:33
Entzun

Gure Esku Dago-k azaroaren 18ko galdeketan parte hartzera deitu du, Donostiako Aquariumean egin duen ekitaldian. Egun horretan erabiliko diren hautetsontziak aurkeztu ditu, eta galdeketa egunaren aurretik bozkatu nahi dutenek bihartik aurrera horretarako aukera izango dutela jakinarazi du. Aldez aurretik bozkatzeko modua izango dute Irungo (Gipuzkoa), Zallako (Bizkaia), Balmasedako (Bizkaia) eta Alonsotegiko (Bizkaia) herritarrek ere. Donostiarekin batera, etorkizun politikoari buruzko galdeketak egingo dituzte herri horietan ere, hiru aste barru. Ekitaldian izan dira, besteren artean, Andoni Etxebeste Gipuzkoa Buru Batzarreko kidea eta Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusia.

Azaroaren 18ko galdeketak "garrantzia handiko ariketa" izango direla nabarmendu du Gure Eusko Dago-k; "herritarrak ahalduntzeko balio dutelako, eta, aldi berean, entsegu garrantzitsuak direlako gure herriaren etorkizuna erabakitzeko balioko duen erreferendumari begira".

Ekitaldiaren aurretik, Donostiako Bulebarra eta Alde Zaharra girotu dituzte, kalejiran.

Donostiako galdeketa jauzi bat izango da herritar plataformaren orain arteko galdeketa olatuekin alderatuta. Izan ere, Donostia izango da etorkizun politikoari buruzko galdeketa egingo duen lehen hiriburua.

Horretarako, hiru urrats eman dituzte, Gure Esku Dago-k landutako protokoloari jarraituz. Lehenik eta behin, 9.500 sinadura bildu zituzten egitasmoari babesa adierazteko; ondoren, galdera adostu zuten prozesu parte hartzaile baten bidez; eta, azkenik, galdeketa eguna bera antolatzeko lanetan murgildu dira.

Galdeketaren egunean, 37 hautesleku zabalduko dituzte hiriko 14 auzotan banatuta. Nahi al duzu euskal herritarrok gure etorkizun politikoa geure kabuz eta aske erabakitzea? galderari erantzungo diote bozkatuko duten hiritarrek. Guztira, 150.000 hiritar inguruk izango dute parte hartzeko aukera.

"Gure Esku Dago-k 2016an abiatutako kontsulta zikloari segida eta bultzada berri bat ematera goaz, herri ekimenez", adierazi dute. Plataformak 2016an galdeketa olatuak abiatu zituenetik, 189.000 herritarrek bozkatu dute, 203 herritan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.