Aurten bostekoa emango diote Kilometroetara joaten denari

Aurten Pasaia-Lezo Lizeoak antolatu du Gipuzkoako ikastolen jaialdia; urriaren 3an ospatuko da, Lezon

Samara Velte.
Donostia
2010eko irailaren 24a
00:00
Entzun
Pasaia-Lezo Lizeoak azken urteotan izan duen matrikula hazkundea dela medio, eraikin berri bat egiten ari dira Lezon (Gipuzkoa), eta proiektu hori finantzatzeko hartu dute bertako arduradunek aurtengo Kilometroak jaia antolatzeko ardura. Urriaren 3an ospatuko da, Lezon, eta atzo aurkeztu zuten egitaraua ikastetxeko ordezkariek eta jaiaren antolatzaileek. Izan ere, ikastolak orain arte Lezoko haurrak hartzen bazituen ere, 25 urtean ez du eraikinik izan herri horretan. Junkal Mintegia Pasaia-Lezo Lizeoko lehendakariak honela azaldu zuen: «Gero eta nabarmenagoa zen Lezoko hezkuntza komunitatearen eskaera, haurrak etxetik gertu edukitzeko. Beraz, eraikin berriarekin hazkundearen beharrari erantzuten ari gara, baita gurasoen eskaerari ere».

Gainera, beste helburu batzuk ditu lizeoak jaiari begira: haurren euskarazko hezkuntza, euskal hiztun aktiboak izan daitezen, eta euskal curriculuma aurrera ateratzea, gainerako ikastolekin bat eginda. Beraz, antolatzaileek bost helburu nagusi dituzte, bost auzotan daude ikastolaren eraikinak, eta bost hamarkada bete ditu duela gutxi Pasaia-Lezo Ikastolak. Hortik dator aurtengo leloa: (h)ona bostekoa.

Ikastolako hezkuntza komunitatea «bizia» denez, irudiari ere bizia ematea erabaki dute; horregatik, Boxton izeneko maskotaerabili dute jaia promozionatzeko. Festako abestia Esne Beltza taldeak egin du; eta horren koreografia, Gotzon Poza ikastolako ikasle ohiak.

Garraio publikoaren alde

Ibilbidea sei kilometro luze izango da, eta «samurra, erraza eta polita», Kilometroetako koordinatzaile Igor Elorzaren esanetan. «Berdeguneak baditugu, eta, paisaia aldetik, ingurune ikusgarria da; Jaizkibel mendia bertatik bertara ikusten da, baita Aiako Harria ere». Bide guztia asfalto edo hormigoizkoa da.

Hainbat modu daude bertaratzeko. «Prestatuta gaude 5.000 auto inguru hartzeko, baina jendeak garraio publikoa erabiltzea nahi genuke». Jaialdirako, Renfek bagoi kopurua bikoiztu egingo du, eta ia hogei minutuan behin aterako dira trenak Lezo-Errenteriako geltokira. Lurraldebusek ere zerbitzu berezia eskainiko du Donostiatik, Oiartzundik, Irundik eta Hondarribitik.



Egitaraua

1. ARRAINTOKI

09:30: Zirkuituaren irekiera.

10:00: Amaren Alabak

11:30: Korri, Xalto ta Brinko

13:00: Txan Magoa

14:30: Arrabots

16:00: Anje Duhalde

17:30: Gozategi

2. DARIETA

10:00: UK Bill

11:30: Des-kontrol

13:00: Ze esatek

14:30: Gose

16:00: Naiz Roxa

17:30: Yelow Page

3. AMUNTTENE

10:30: Patata Tropikala

12:00: Betizuak: diskofesta

14:30: Hipo eta Tomax

16:00: Kupela

17:30: Triki ta Ke

4. URRULLO

10:30: Poxpolo eta konpainia

12:00: Oskarbi

13:30: Iñaki Plaza eta Ion Garmendia

15:00: Korrontzi eta Oinkari dantza taldeak

17:00: Xarnege

Egun osoan: Eneko Seinen astoak

5. ALGEPOSA

10:00: The Lirium Tremen(do)s

11:30. Harrika

13:00. Emon

15:00: Betagarri

17:00: Esne Beltza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.