Aurten ere debekuak alarde mistoaren entseguetan

San Pedro kaletik bi aldiz igaro nahi zuten, baina Herrizaingo Sailak behin pasatzeko baimena eman die

ainara arratibel gascon
Donostia
2012ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Hondarribiko alarde parekideak (Gipuzkoa) atzo hasi zituen hilaren 8ko desfilerako entseguak. Aurten ere ezin dute nahi zuten ibilbidea egin entseguetan. Izan ere, San Pedro kaletik bi aldiz igaro nahi zuten, baina Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak behin bakarrik igarotzeko baimena eman die. Berriro ere segurtasun arrazoiak erabili ditu erabaki hori hartzeko argudio gisa. Jaizkibel konpainiako kapitain berriak, Izaskun Larruskainek, nabarmendu du «harriduraz» hartu dutela berria. «Iazko debekuari lotutako epaia gure aldekoa izan zela kontuan hartuta, ez genuen espero halakorik».

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak alarde parekidearen entseguetako eta desfileko ibilbidean aldaketak egitea erabaki zuen iragan urtean. Entseguetan San Pedro kaletik igarotzea debekatu zien, eta desfile egunean, Gernikako Arbolatik. Azaldu zuen «aurreko urteetan izandako tentsioa nahiz ordena publikoaren nahasteak saihesteko asmoz» hartu zuela erabakia. Jaizkibel konpainiak hasieratik salatu zuen erabakia. «Bidegabe eta onartezintzat» jo zuen. «Bazterketara eta konfrontaziora itzuli nahi dute, eta gu ikusezin egin». Helegitea aurkeztu zuten. EAE Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak, ordea, Herrizaingo Sailaren erabakia babestu zuen. Ebatzi zuen aldaketekin atzeraezinezko kalterik ez zela egin.

Hortaz, alarde parekideak agindutako bidetik entseatu eta desfilatu behar izan zuen. Alarde egunean, debekuaren aurka eserialdia egin zuten konpainiako kideek. Babes handia jaso zuten. 320 lagun inguruk parte hartu zuten alarde parekidean.

Gainera, aurtengo apirilean EAEko Auzitegi Nagusiak baliorik gabeutzi zuen debekua, ibilbidea «modu arbitrarioan» aldatu zela argudiatuta. Hala, ontzat eman zuen Jaizkibelek jarritako beste helegite bat. Epaiaren arabera, Jaizkibel konpainiako kideei biltzeko askatasuna urratu zitzaien. Onartu zuen debekatu zieten ibilbidearen zatia «sinbolikoa» zela.

Jaizkibel konpainiak entseguak luzeagoak egitea erabaki zuen duela aste batzuk, eta, aurreikusita zeukaten ibilbidearekin egoki zetorkiela kontuan hartuta, San Pedro kaletik bi aldiz igarotzeko eskaria egin zuen. Ezezkoa eman die Eusko Jaurlaritzak, eta behin bakarrik pasatu ahal izango dira bertatik. Oraingoan ere segurtasun arrazoiak eman ditu arrazoi gisa eskaria ontzat ez hartzeko. Larruskainek azaldu du ez zutela espero halakorik: «Urte osoan izan ditugun bilerak eta Emakunde saria eman zigutela kontuan hartuta, harritu egin gaitu erabakiak».

Desfile egunean, datorren larunbatean, ohiko ibilbidea egin ahal izango dute, eta Gernikako Arbolatik igarotzeko aukera izango dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.