Elkarretaratzea 10:30ean egingo dute, Eusko Legebiltzarraren atarian dagoen Gauerdiko iparrorratza eskulturaren parean. Lore sorta eskainiko diete biktimei, eta Agur jaunak kantatuko dute. Bi minutuko isilaldia egingo dute ondoren.
2010etik egiten dituzte erakundeek Memoriaren Eguneko ekitaldiak. Alderdi gehienen babesarekin, motibazio anitzetako indarkerien biktimak gogorarazteko ekitaldiak egin izan dituzte, baina PP aparte geratu da sarri, soilik ETAren biktimen aldeko egitasmoak prestatuta. Iaz, Eusko Legebiltzarrean, bi lore eskaintza egin zituzten; EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Ahal Dugu eta PSEk eginikoan, Eudel Euskadiko Udalen Elkartearen adierazpen bat irakurri zuten; PPk ez zuen bat egin elkartearen testuarekin, eta beste lore eskaintza bat egin zuen. Aurten, Jaurlaritzaren Gogora institutuak deitu du ekitaldietan parte hartzera.