Nuklearrak

Aurten laugarrenez gelditu da Garoñako zentrala, generadoreko huts batengatik

Generadore elektrikoaren babes sisteman atzemandako seinale oker batek eragin du, ustez, zentral nuklearra berez-berez gelditzea. Ezbeharrak ez duela «ez kalterik ez arriskurik» eragin esan zuen atzo Nuclenorrek. Dagoeneko jarri dute martxan berriro.

2006ko abenduaren 5a
12:21
Entzun
Igande goizean gelditu zen Burgosko zentrala, generadore elektrikoan matxura gertatu zelako

Estitxu Ugarte

Gasteiz

Urteko laugarren geldialdia jazo da Garoñako (Burgos, Espainia) zentral nuklearrean. Zentrala kudeatzen duen Nuclenor enpresak programatu gabeko geldialdiaren berri eman dio jada Segurtasun CSN Nuklearraren Espainiako Batzordeari, eta arazoak konpondu orduko zentrala berriro sare elektrikoan konektatuko duela iragarri du.

Nuclenorrek adierazi duenez, oraingo honetan zentralaren generadore elektrikoaren babes sistemak atzemandako seinale okerrak eragin du zentrala bere kabuz gelditzea. Geldialdia igandean jazo zen, 08:28ean, erreaktorearen kontrol barraren sekuentzia aldaketa egiten ari zen unean. Arazoa kanpoko sare elektrikoarena den edo barruko hutsegite bat den argitu beharko du Nuclenorrek Garoña konektatu baino lehen.

Nolanahi ere, Garoñako arduradun batek atzo adierazi zuenez, gaur goizean zentrala martxan jartzea espero dute teknikoek, «ohikoak izaten baitira halako arazoak zentraletan eta hutsegitea zuzendu bezain pronto abiaraziko dugu zentrala». Gertaerak arriskurik ez duela eragin azaldu zuten, gainera, Nuclenor enpresako arduradunek. «Langileentzat, herritarrentzat eta ingurumenarentzat ez du inolako kalterik eragin jazotako ezbeharrak. Are gehiago, INES Gertakari Nuklearren Nazioarteko Eskalan 0 maila izan du, alegia, segurtasunerako garrantzirik gabekoa».

HAMAR URTEKO LUZAPENA. Uztailaren 4an, Nuclenor enpresak Garoñako zentral nuklearraren jarduera hamar urtez (2019. urtera arte) luzatzeko eskatu zuenetik, programatu gabeko lau geldialdi jazo dira. Gertakariok CSNk landu behar duen txostenean eta Espainiako Gobernuak hartu behar duen erabakian eragina izango duen ukatu dute behin eta berriro Nuclenorreko arduradunek. Halako geldialdiak «ohikoak» direla azpimarratu izan dute beti. Nuclenorren esanetan, arazoen aurrean zentrala bere kabuz gelditzeak segurtasun sistema funtzionatzen duela frogatzen du.

Garoñako zentralaren segurtasun sistema zaharkituta dagoela eta zentralaren funtzionamendua oso arriskutsua dela salatu dute aspaldi, berriz, Arabako Foru Aldundiak eta udal ugarik, baita herrialdeko gizarte eragile, alderdi politiko, eta sindikatu gehienek ere. Hainbat alditan eskatu dute, gainera, Araba eta Espainia arteko mugan dagoen zentrala behin betiko ixteko. Azkena, urriaren 21ean, Gasteizen egin zen manifestazio jendetsuan.

Halaber, Eguzki eta Greenpeace talde ekologistek sarritan adierazi dute Garoñako zentralak dituen egitura arazoak, jarduteko zailtasunak eta era guztietako gabeziak kontuan hartuta, ezin zaiola baimena luzatu, «are gutxiago Arabako gizarte eragile gehienak eta instituzio guztiak kontra edukita», nabarmendu du Eguzkiko bozeramaile Alberto Friasek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.