Aberri Eguna

Aurtengo Aberri Eguna mugarri izatea nahi du Inpendentistak sareak

Martxoaren 27an manifestazioa egingo dute Iruñean, 12:00etan, Golem zinemetatik Sarasate pasealekura arte, eta han ekitaldi politikoa egingo dute.

Iazko Aberri Eguneko manifestazioko irudi bat. JAGOBA MANTEROLA, ARGAZKI PRESS
2016ko martxoaren 7a
16:54
Entzun

Aurten ere Aberri Eguna Iruñean ospatzera deitu du Independentistak sareak, baina aurtengoa mugarri izatea nahi dute. Asteburuan hausnarrean izan dira sareko kideak eta Espainiarekin eta Frantziarekin aldebikotasun eredua agortuta dagoela esan dute, eta horregatik aldebakarreko bideari ekin behar zaiola: "Erabakitzeko garaia da. Aro berri baten sartu gara jadanik: erabakiaren aroan". Independentistak sareak fase horretan "subjeku independentista metatu eta aktibatzeko lanari" ekingo diola iragarri dute, eta Euskal Herriaren etorkizunari buruzko hausnarketa eta eztabaida sustatuko dutela gizartean. Bideoa: asteburuan egindako hausnarketaren irakurketa (Independentistak sarea).

[YouTube]https://youtu.be/4YH0jGqBWxE[/YouTube]

Azpimarratu dute euskal herritarren oroimen historikoa eta imajinario kolektiboa menpekotasunekoak direla, eta "mende luzeetako zama" horrek sakon markatu duela gizartea. Baina gaur egun inoiz baino argiago dagoela Euskal Herriak bere buruaren jabe izateko beharrak. "Oso ondo ezagutzen ditugu dependentziaren kalteak. Baina ordua da harresiaren beste aldera begiratu eta independentziaren aukerak ikusteko, benetan demokrazia sakon eta parte hartzaile bat eraikitzeko aukera, pobrerik gabeko Euskal Herri bat egiteko aukera, justizia sozialean oinarritutako gizarte bat eraikitzeko aukera, Euskal Herri euskaldun bat eraikitzeko aukera, herri libre bateko herritar zoriontsu izateko aukera". Bai izango da aurtengo leloaren hitz gakoa. "Demokraziari, justizia sozialari, euskarari, etorkizunari, Euskal Estatu burujabeari, Euskal Errepublikari …bai!".

Manifestazioaz eta ekitaldi politikoaz gain, egun osoko egitaraua antolatu du Independentistak sareak Iruñean martxoaren 27rako. Horrekin batera, Gazte Abertzaleak antolakundeak Gazteon borroka etorkizuneko bide! lelopean Gazte Karpa antolatu dute gazteek eguna musika eta aldarrikapenarekin jai giroan ospa dezaten. 14.00etan irekiko dute karpa DJ Majaris-ekin. 15.00etan kontzertuak hasiko dira; Ze Esatek! taldea Bad Sound ariko dira. Txosnan bokatak salgai egongo dira.

Gazte Abertzaleak-ek Independentistak sareak egingo duen manifestaziora deitu du: “Gazteak gara herri honen geroa, eta horregatik gure pausuak bidean inoiz baino indartsuagoak izan behar dira”, adierazi dute.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.