Durangoko Euskal Liburu eta Diskoen 38. Azoka

Aurtengo Azokan "inoiz baino gehiago" saldu dela uste dute antolatzaileek

Pozik daude Durangoko Azokaren antolatzaileak jendearen erantzunarekin. Izan ere, beren itxaropen guztian gainditu ditu bai bisitari kopuruak, bai salmentenak. "Trantsizioko" ekitaldia izango zelakoan zabaldu zituzten ateak ostegunean, baina gaur egin duten balantzearen arabera, "guztiz arrakastatsua" izan da. 130.000 bisitari hartu ditu Azokak, eta argitaletxeen arabera, milio eta erdi inguruko salmentak egin dira.

2003ko abenduaren 8a
17:02
Entzun
Gerediaga elkarte antolatzaileak gaur egin du aurtengoAzokaren lehendabiziko balantzea, eta arduradunek agertu dutenez, "oso pozik" daude jendearen erantzunarekin. Jende asko ibili da ostegunean hasi eta gaur arteko bost egunetan azoka aterbetzen duen Landako eraikin berrian, eta, gainera, salmentak ere handiak izan dira. Itxura batean, 38 urteko historian gehien saldu den urteetako bat dela uste dute.

Txalaparta argitaletxeak esate baterako, Joseba Sarrionandiaren azken lanaren 'Kolosala izango da' elaberriaren bost mila bat ale eraman ditu Durangora, eta guztiak saldu dira. Presaka, beste 600 bat ale inprimatu ahal izan dituzte gaur erakusmahaian jartzeko, eta haiek guztiak saltzea espero dute.

Sarrionandiarenarekin batera, Bernardo Atxagaren 'Soinujolearen semea' izan da liburuei dagokiela Azokako lanik salduenetakoa. Pamiela argitaletxearen salmenta puntuan liburu hori mahai gainean jarri eta jarri ibili dira, ezarri ahala jendeak eskuetatik kentzen zielako. Guztira, bost mila bat ale saldu direla uste dute.

Diskoen arloan, Ruper Ordorikaren 'Kantuok jartzen ditut' (Metak diskoetxea) eta Mikel Laboaren '60ak + 2' (Elkar) izan dira salduenak.

Asteburuko jende emana izugarria izan da, une batzuetan Landako eraikin barruan batetik bestera ibiltzeko oztopoak izateraino. Gaur bisitari kopurua gutxitzea espero zen, baina bai antolatzaileak, bai argitaletxeetako arduradunak harrituta daude, bisitari kopuru itzelarekin.

Horrez gain, aurten Galiziako eta Bretainiako ordezkaritza bana Durangon bisitan izan direla jakinarazi dute Gerediaga elkarte antolatzaileko arduradunek, hain zuzen ere, hango esperientziaren berri izan eta beren herrialdeetan antzeko ekimenen bat abian jartzeko asmoarekin.

Espainiako hedabideek arretarik ez

Nolanahi ere, guztia ez da poztekoa izan. Aitzitik, kexu bat ere agertu dute Gerediaga elkarteko antolatzaileek: Durangokoa kultur ekitaldi handia izan arren, Espainiako hedabideetan ez duela inolako islarik izan. Ildo horretatik, euskal kulturari erasotzeko modu asko daudela adierazi dute, eta kalte egiteko ez dela derrigorrez indarra erabili behar izaten. Hain justu, ixiltasun hori "eraso bat" dela salatu dute antolatzaileek.

Durangoko Azokari buruzko informazio gehiago hemen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.