«Udaberrian uda egin zuen, eta udan, udaberria». Hitz horiekin azaldu du Margarita Martin Aemeteko meteorologoak aurtengo egoera. Ez zen ohikoa izan udaberria, guztiz beroa eta lehorra. Eta ez da ohiko bidetik joaten ari uda ere, errekorrak gainditzen ari baita, jasotako prezipitazioari dagokionez. Atzo goizera arte metro koadroko 237 litro bildu dituzte Hondarribiko estazioan. 1956tik uztailean inoiz jaso duten litro kopururik handiena.
Gainera, beste errekor bat ere gainditu du euriak. Izan ere, gaur ere egiten badu —eta egingo duela iragarri dute— 20 egunean segidan egingo du euria.Orain arte 19 egunekoa zen errekorra. 1960an gertatu zen hori, Hondarribiko estazioan.
Gipuzkoako ekialdeko eta Lapurdiko kostaldean ari du euri gehien egiten, baina Euskal Herri osoan nabari da uda euritsu eta freskoaren joera. Esate baterako, Bilbon 68 litro pilatu dituzte —batez beste 50 litro jaso ohi dira uztailean—, eta Gasteizen, 34 litro —25 litro biltzen dira, batez beste—. Udaberri lehorraren arrastoa bereziki Gipuzkoa ekialdean eta Lapurdin sumatu zenez, udaberriko defizita zuzentzen ari dela adierazi du Margarita Martinek.
Gainera, gogoratu du oso ohikoa dela udaberri lehor eta beroen ostean uda euritsu eta freskoa izatea. «Aurten, apirilaren eta ekainaren artean gradu bateko aldea besterik ez da egon, eta hori oso gutxi da, normalean lau graduko aldea izaten baita bi hilabete horien artean». Alegia, apirila oso beroa izan zen. Maiatza ere halaxe izan zen, eta ekainak guztiz bestelako bideari ekin zion. Horren erakusgarri da uraren tenperatura. 19,5 gradutan dago egunotan Donostian. Baina 20,8 gradura ere iritsi da orain dela aste batzuk. Ekaineko lehenengo asteetan iritsi zen oso bero egotera, baina handik aurrera oso gutxi epeldu da.
Jende guztia aurtengo uda «txarrari» buruz ari bada ere, gurean hau ez da hain ezohikoa, Martinen arabera. «Kantauri isurialdean horrelakoak gertatzea normala da, klimak duen ohikoaldakortasun naturalaren barruan sartzendira gorabehera hauek».
Eta zein da gertatzen ari den fenomeno meteorologikoaren eragilea? Bada, udan ohi denaren aurka, antizikloia Azoreetan dagoela kokatua, eta Atlantikoko hezetasuna bidaltzen duela gurera. Egoera hori ohikoa da udaberrian, eta udanantizikloia Islandiara mugitzen da normalean. Aurten alderantziz gertatu da. Udaberrian antizikloia Islandian zegoen, eta udan Azaroeetan.
Halaber, eguzki ordu gutxi izan da uztailean. Bilbon, esate baterako, 128 eguzki ordu izan da, batez bestekoaren azpitik.
Abuztuan, ekaitzak
Eta orain artekoa ikusita, jende askok galdera hauxe egiten du: zer eguraldi egingo du abuztuan? Margarita Martinen arabera, goiz da ezer aurreratzeko, baina itxura du ekaitz asko izango direla eta ezegonkortasun atmosferikoa. Hasteko eta behin, uztaila amaitzeko geratzen diren egunetan ere ez du eguzki askorik izango. Orain arte baino gehiago bai, baina ez askorik, Martinen irudiko. Abuztuan, berriz, iragarpen hau egin du meteorologoak: «Eguzki ordu gehiago izango dira, eta tenperaturak pitin bat igoko dira. Hala, euri asko egin duenean tenperaturek gora egiten badute, ur lurrun asko pilatzen da, eta Atlantikoko aire masa hotzek jaisten jarraituz gero, eurite ugari izango dira». Alegia, eguzki ordu gehiago izango dira, eta ekaitzerako joera. Ez du etengabeko euririk botako orain arte bezala, baina euria egiten jarraituko du.
Oraingo eurialdiak, berriz, azkenekoetan dagoela diote aurreikuspenek, bihartik aurrera hobetzera egingo baitu.
Aurtengoa izan da uztail euritsuena 1956tik Kantauri isurialdean
Atzo goizera bitarte 237 litro jaso dituzte Hondarribian, eta 19 egunean segidan egin du euria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu