Milaka lagun elkartu dira Baionan, euskal lurralde elkargoaren alde herritarren gogoa erakusteko manifestazioan. Laugako aparkalekutik abiatu, eta Baiona Ttipitik igaro eta igaro da jendetza, udaletxe aurrera heldu arte. Lurralde kolektibitate bat orain leloa daraman pankartaren atzean jarrita egin dute antolatzaileak, jendea haien inguruan. Ilusioz joan dira martxan, haiek erakutsitako gogoa ekintza bilakatuko delakoan. Horregatik, Parisi egin diote eskaera. Itsu, mutu eta gor ez izateko eskatu diote gaur Baionan Francoise Hollande Frantziako presidenteari. Harentzat izan da antolatzaileen mezua. ”Lehendakari jauna, gaur 2013ko ekainaren lehenean, milaka lagun elkartuak gara Baionan, esperantzaz beteriko ideiaren inguruan".
Herritarrek nahi dutena entzuteko galdegin diote, ezin duela ezer gertatu izan ez balitz bezala jokatu: "Ezin duzu isilik geratu proiektu honen aurrean. Proiektu hau eredugarria da demokrazia parte hartzaileari begira. Euskal Herriak proiektu moderno hau eraiki du bere gerorako, aho batez eta modu demokratikoan mintzo da. Ausardia erakuts ezazu lurralde honen eskaera aintzat hartzeko”.
Ordezkaritza zabala
Manifestazio jendetsua eta plurala izatea nahi zuten eta halaxe izan da. Manuel Valls Frantziako Barne ministroak emandako erantzun ezkorrari "modu baketsuan baina determinazio handiarekin" erantzuteko izatea nahi zuten antolatzaileek. Frantziako Gobernuaren egitasmoetan ez dagoela euskal lurralde elkargorik jakinarazi du Vallsek aste honetan.
Besterik eskatu dute, ordea, eta deialdiak izan duen babesaren isla izan da manifestazioa, plurala ere bai. Max Brisson, Claude Olive eta Marc Oxibar UMPko ordezkariak jendetzaren parte izan dira; Sylviane Alaux eta Colette Capdevielle PSkoak ere bai, CFDTko ordezkariak, ELBkoak, Baterako ordezkariak... Auzapezek ere ez dute hitzordua galdu nahi izan, eta Jean-Jaques Lasserre Hautetsien Kontseiluko lehendakaria ere martxan ikusterik izan da. ELAko eta LABeko idazkari nagusiak ere manifestazioan izan dira, Txiki Muñoz eta Ainhoa Etxaide. Aurpegi ezezagunek bat egin dute ezagunekin.
Hautetsien Kontseiluak, Garapen Kontseiluak, Batera plataformak, Auzapezen BIltzarrak eta Baionako Merkataritza eta Industria Ganberak (MIG) jarritako deialdiarekin dozenaka eragilek egin dute bat, eta mobilizazio jendetsua izango zela aurreikusia zegoen. Garapen Kontseiluaren barnean, 90 bat eragile sozioekonomiko, kultural eta sindikal daude; Batera plataforman, berriz, 50 inguru, eta Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako enpresaburuen ordezkaria da Baionako MIG.
Alderdi politikoei dagokionez, AB, Sortu, EA, Aralar, EAJ, GA ezker antikapitalista eta Europe Ecologie Berdeak dira deitzaile. 158 auzapezetatik 103 daude euskal lurralde elkargoaren alde, eta sei parlamentaritatik bost.
Horrez gain, Euskal Herriko Laborantza Ganbera, ELB, LAB, ELA, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua, Autonomia Eraiki, Lurra eta Etxebizitza Kolektiboa. EHZ, Ipar Euskal Herriko besta batzordeak eta gaztetxeak, ingurumenaren babesaren alde ari diren Cade eta Bizi elkarteak, Euskaldun Gazteria, eta Herrikoa ere batu dira.