PSE-EEko lehendakari Jesus Egigurenek «ausardia eza» leporatu dio Espainiako gobernuburu Jose Luis Rodriguez Zapaterori, Euskal Herrian ireki den bakerako aukeran hartu beharreko neurriak ez hartzeagatik. El País egunkari espainiarrean argitaratutako artikulu batean ageri dira Egigurenen adierazpen horiek. Zehazki Sorturen legeztatzea bideratzeko, eta ezker abertzaleak «armei agur esateak» ETAren amaierari irekitako aukera errazteko urratsik ez egitea leporatu dio Egigurenek Espainiako gobernuburuari. Eskuinaren presioaren aurrean —eskuinaren «patriotismo gabeziaren» seinale, Egigurenen arabera— «makurtzea» ere egotzi dio. Espainiar politika «imajina litekeen politikarik okerrena» egiten ari dela iritzi dio PSE-EEko lehendakariak, «bakerako urrats erabakigarriak ikusten ari diren unean», eta jarrera hori ez dutela merezi «terrorismoaren ondorioz hainbeste sufritu dutenek, eta haren kontra hainbeste borrokatu direnek».
Egigurenen artikuluak hautsak harrotu ditu sozialisten artean, hala Euskal Herrian nola Espainian. PSE-EEn dena den, bere lehendakariaren «analisi orokorrarekin» bat egiten dutela esan dute, Zapaterori leporatzen dizkionak salbu. PSOEn, aldiz, Egigurenen hitzak errefusatu egin dituzte.
Espainiako Lehendakaritza ministro Ramon Jauregirentzat Espainiako Gobernua «ausardiaz eta inteligentziaz» ari da jokatzen. Espainiako Kongresuko lehendakari Jose Bonorentzat, berriz, Egiguren bera baino «ausartago» ari da jokatzen Zopatero eta Sustapen ministro Jose Blancorentzat Sorturen auzia ez da ausardia kontua, «legezkotasuna baizik».
Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Idoia Mendiak ere hitz egin du gaiari buruz, eta esan du Jaurlaritzak ez diela Egigurenen irizpideei jarraitzen, Patxi Lopez lehendakariarenei baizik.
Sortu. Legeztatze prozesua
Ausardiarik ez izatea leporatu dio Egigurenek Zapaterori
PSE-EEk bat egin du bere lehendakariaren «analisi orokorrarekin», baina ez ditu bere egin Zapaterori egotzitakoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu