Ausartak izateko eskatu diete auzipetuek epaileei

Lasherasek salatu du eskubide zibilen eta politikoen alde egiteagatik auzipetu dituztela

jokin sagarzazu
Madril
2012ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Atzoko auzi saioa hasi baino lehen, ikusteko zegoen auzipetuek azken hitzak esateko eskubidea baliatuko zuten edo ez. Azkenean, Amparo Lasherasek hitz egin zuen, guztien izenean, oso labur. Epaimahaiari ausarta izateko eskatu zion, eta «baiezkoa» emateko adierazpen askatasunari eta proposamen guztien parte hartze askeari. Lasherasek nabarmendu zuen «eskubide zibilen eta politikoen alde egiteagatik» eseri dituztela akusatuen aulkian. «Ideiak zigortzeko eta proiektu politiko zehatzak baztertzeko egungo legediaren interpretazio batean oinarrituta auzipetu gaituzte», salatu zuen.

Aurretik, antzera mintzatu zen Jone Goirizelaia abokatua, eta eginiko azken hitzetan, «pertzepzioa zuzentzeko» eta Euskal Herrian dagoen ikuskerarekin bat egiteko eskatu zien euren epaileei.

Atzoko saioa amaituta, Euskal Herrira itzuli ziren auzipetuak. Aurreko egunetan bezala, atzo ere, euren senide eta lagunen babesa jaso zuten, eta, nekea nagusi bazen ere, pozerako uneren bat ere izan zuten. Hala, fiskalak jakinarazi zuenean Liguerzanaren aurkako aksuazioa kentzen zuela txaloka hasi ziren. Horrek epaimahaia haserrearazi zuen, baina magistratuek ez zuten neurririk hartu.

«Epaiketa politikoa»

Euskal Herrian, berriz, ezker abertzaleak, Aralarrek, EAk eta Alternatibak epaiketaren amaierako balorazioa egin zuten, elkarrekin Donostian egindako agerraldi batean. Lau alderdientzat, argi geratu da epaiketa «politikoa» izan dela, hauteskunde eskaintza politiko bat delitutzat hartu nahi izan delako. «Epaiketa hau ilegalizazio politiken luzapena da, argi eta garbi», adierazi dute. Era berean, nabarmendu dute «epaiketa eta zigor politikoak eta salbuespenezko politikak» indargabetzeko ordua dela eta oraingoa «elkarrizketa eta konponbide garaia» dela. Haien iritziz, D3M eta Askatasuna auzia «frogarik gabeko» eta «deliturik gabeko» epaiketa izan da. Horregatik, «justizia egingo bada», akusatuen absoluzioa izan behar da epaimahaiak eman beharko duen epaia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.