Euskal presoak

Auto istripu larria izan dute Mikel Egibar presoaren senideek

Zaragoza inguruan izan da ezbeharra, eta larri zaurituta ospitaleratu dituzte presoaren bikotekidea, semea eta alabaEuskal presoen senide eta lagunek aurten izan duten bederatzigarren istripua da

jokin sagarzazu
Donostia
2012ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Mikel Egibar euskal presoaren senideek auto istripu larria izan dute, espetxera eginiko bisitatik bueltan zetozela, Zaragoza inguruan (Aragoi, Espainia). Bikotekideak eta semeak izan dituzte zauri larrienak; alaba ere zaurituta dago. Etxerat elkarteak jakinarazi duenez, hirurak ospitalean daude.

Mikel Egibar Zizurkilgoa da (Gipuzkoa), eta Zuerako espetxean dago gaur egun, Euskal Herritik ia 300 kilometrora. Istripua atzo eguerdian jazo zen, Zaragoza inguruan. Egibarren senideek kamioi bat jo zuten, eta suhiltzaileek atera behar izan zituzten autotik. Hirurak ospitaleraeraman zituzten, zaurituta. Bikotekidea eta semea (14 urte)Zaragozako Klinikan daude, eta alaba (12 urte) Miguel Servet ospitalean dago. Bikotekideak eta semeak izan dituzte istripuaren ondorio larrienak. Etxerat-ek jakinarazi duenez, larri daude, baina egonkor. Alaba ere egonkor dago.

Euskal presoen senideen eta lagunen elkarteak salatu du istripua sakabanaketa politikak eragindakoa dela, eta gogoratu du aurtengo bederatzigarren istripua dela. Komunikabideetara igorritako ohar batean, Etxerat-ek gogor kritikatu du Espainiako eta Frantziako estatuen espetxe politika, eta hura bertan behera uzteko eskatu du. «Behin eta berriz salatu dugun sakabanaketak eragindakoa da istripu hau, eta ondorio larriak izan ditu, gainera. Ezin dugu horrela jarraitu, senideok gure bizitza etengabe arriskuan jartzen dugu, eta kasu honetan argi erakusten du sakabanaketak ez duela inor kanpoan uzten, ezta umeak ere». Hori horrela, hitzak albo batera utzi eta neurriak hartzeko garaia dela azpimarratu du elkarteak.

Era berean, Mikel Egibarren senideen berri emateko eta «erantzukizunak eskatzeko», Etxerat-ek prentsaurreko bat emango du gaur Bilbon. Herrira mugimenduak, berriz, batzar informatiboa eta elkarretaratzea egingo du Zizurkilen, 20:00etan.

Duela 23 urtetik, Espainiako Gobernuak euskal presoen sakabanaketa politika indarrean jarri zuenetik, hamasei senide eta lagunek galdu dute bizia errepideetan, eta ehunka istripu izan dituzte. Azkenak maiatzean jazo ziren. Asteburu berean, Iñaki Arakama, Gorka Vidal, Oscar Calabozo eta Iñaki Alonso presoen lagun eta senideek auto istripua izan zuten.

«Errusiar erruleta»

Komunikabideetara igorritako ohar batean, Herrira mugimenduak ere Espainiako eta Frantziako estatuen espetxe politika «anker eta hilgarriarekin» lotu du Egibarren senideek atzo izan zuten istripua, eta hura bertan behera uzteko exijitu du. «Sakabanaketak amaitu behar du, errusiar erruleta honek ezin du astero milaka euskal herritarren bizitza arriskuan jarri. Sakabanaketak aitak, amak, aitona-amonak edo, gaurkoan bezala, haurrak kolpatzen ditu, denak mintzen ditu».

BERRIAri eginiko adierazpenetan, Jon Garai Herrira-ko bozeramaileak giza eskubideen errespetuan oinarritutako beste espetxe politika bat eskatu du. Hori hala, Espainiako eta Frantziako gobernuei, eta eragile politikoei oro har, eskatu die arduraz jokatzeko eta bide horretan urratsak egiteko, hildako gehiago egon ez dadin. «Egungo espetxe politikak heriotza politikara eramaten gaitu. Jende guztia giza eskubideen alde dago, eta euskal jendartearen gehiengoak ez ditu gatazka honen ondorioz hildako gehiago egoterik nahi. Lehenago edo geroago hildakoez hitz egingo dugu», ohartarazi du Herrira mugimenduko kideak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.