104 pertsona hil ziren 2012an Hego Euskal Herriko errepide sarean gertaturiko istripuetan, behin-behineko datuen arabera. 2011n baino hamasei gehiago izan ziren. Azken hamarkadan jaitsi eta jaitsi egin da hildakoen kopurua, urtero, baina joera eten egin da. Nafarroan 45 hildako izan ziren guztira, 2011n baino hamazazpi gehiago. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, 2011ko joerari eutsi diote. 60 hildako izan ziren orduan; iaz, 59.
Ehun hildako baino gutxiago izan ziren 2011n, aurreneko aldiz, baina berriro ere gora egin du kopuruak. 2010eko datuen pare jarri dira 2012koak; orduan 105 lagun hil ziren errepide istripuetan, iaz baino bat gehiago — 2009an 109 hil ziren eta 2008an, 113; eta hortik gora, aurreko urteetan—.
Hildako oinezkoen kopuruak behera egin du, aldiz. Iaz 11 oinezko zendu ziren —zortzi gizonezko eta hiru emakumezko—; 2011n, berriz, hamabost pertsona hil ziren —zazpi gizonezko eta zortzi emakumezko—. Hildako oinezkoen adinari erreparatuta, 11tik zazpik 64 urtetik gora zituen.
2012ak datu kezkagarriak utzi ditu Nafarroan, ordea. 45 pertsona hil ziren iaz guztira, eta 2007ko zein 2008ko zenbakietara itzuli dira datuak. 2008an 46 lagun hil ziren, eta 2007an 48. Nafarroako Gobernuaren arabera, 2013ko estatistikak garrantzitsuak izango dira, 2012koa zorte txarra soilik izan ote den, edo ez, ikusteko.