Jasotako ondorioen artean, Amannek zera nabarmenduzuen: herritarrek autoa garraio publikoa baino gehiago erabiltzen dutela oraindik; eta autoa hiri arteko joan-etorrietan erabiltzen dutela gehiago, hiri barrukoetan baino.
Garraio publikoari dagokionez, gainera, datuek argi erakusten dute hiriburuetako herritarrek gehiago erabiltzen dutela garraio mota hori, gainerako hiri edo herrietakoak baino. Ez hori bakarrik. Hiru hiriburuak kontuan hartuta, garraio publikoak Bilbon erabiltzen dira gehien, bai barruko joan-etorrietan, bai eta bertara sartzeko egindakoetan ere.
Eskaintza onaren eragina
Amannek azken datu hori azpimarratu zuen, «datuek argi erakutsi digutelako, garraio publikoaren eskaintza indartsua, osoa eta kalitatezkoa denean, herritarrek autoa utzi eta autobusa, trena edo metroa hartzeko joera dutela. Aldundi zein udalerrietako agintariek oso kontuan hartu beharko lituzkete datuok», esan zuen.
Bizkaiak, garraio publikoari dagokionez, Arabak eta Gipuzkoak baino eskaintza handiagoa du: Bizkaian 110 plaza izaten dira orduko 1.000 herritarreko, eta Gipuzkoan eta Araban 48,5 ea 35,3, hurrenez hurren. Eskaintzaren alde hori trenean zein autobusean gertatzen dela azaldu zuen Amannek eta, azaldu zuenez, «pentsatzekoa denez, horretan eragin handia izan du metroak».
Erabili ere, gehiago erabiltzen dute bizkaitarrek garraio publikoa gipuzkoarrek edo arabarrek baino. Nabarmena da aldea: Bizkaian egiten diren mugimenduen %19tan erabiltzen da garraio publikoa, Gipuzkoan %10etan eta Araban, berriz, %6tan baino ez. Jendea lanagatik eta ikasketengatik mugitzen da (%61) batez ere, eta autoa da horretarako gehien erabiltzen den garraiobidea (%58); mugimenduok egiteko %38tan erabiltzen da garrio publikoa.Datu guztiak kontuan hartuta, bestalde, oinez egindako bidaiak albo batera utzita, autoa da herritarrek gehien erabiltzen duten garraiobidea: joan-etorrien %35 autoan egiten dira, eta %13 baino ez garraio publikoan.Mugikortasunaren bilakaerari dagokionez, azkenik, hazkunde nabarmena izan da Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian, nahiz eta herritarren kopuruak behera egin duen. Hiriburuei dagokienez, Bilbon barne mugikortasunean izandako hazkundearen %77 garraio publikoaren bidez egin da; kopurua %20koa izan da Gasteizen, eta %7koa baino ez, Donostian.Arrazoiak direla eta, gora egin dute lanak eragindako joan-etorriek, bai probintzietan bai hiriburuetan. Alderantziz gertatu da ikasketengatik izandako mugimenduetan, ikasle kopuruaren jaitsieraren ondorioz.
-
GARRAIOAREN BEHATOKIA
Etorkizuneko azpiegiturak baldintzatuko dituen tresna
Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Garraioaren Behatokia sortzeko erabakia hartu zuen hilaren 20an egindako batzarrean. Alvaro Amann Garraio eta Herri Lan sailburuak Oteus izena gaztelaniazko izenaren laburtzapena izango duen behatokiaren garrantzia nabarmendu zuen, horri esker «garraio sistemaren egoera eta bilakaeraren berri jakin eta intepretatzeko» balio izango duelako. Euskarri horrek erreferentziazko datuak emango dizkie agintariei eta garraioaren arloko eragileei, garraio sistemaren adierazle guztien bilakaerari buruzko aldizkako datuak euren esku ipiniko dituelako. Behatokiak egoerari buruzko txosten zehatzak egingo ditu. Bost urtetik behin bilakaera horren gaineko txosten nagusia egingo du behatokiak. Alvaro Amannek azaldu zuen txosten hori behar-beharrezkoa izango dela, garraioaren bilakaeraren nondik norakoak jakin eta, hala, etorkizunari begira zeintzuk azpiegitura berri egin erabaki ahal izateko.Txosten nagusi horretaz gainera, urteko azterketa ere egingo dute Oteuseko teknikariek, unean uneko errealitatearen berri jakiteko. Azterketa egiteko, kontuan hartuko dira garraio sistemaren adierazle guztien bilakaerak, eta horien ikerketa eta analisia egingo dute. Azterketetan kontuan hartuko da, ez bakarrik bidaiarien garraioa, baita merkantziena ere.