Hiriaren hedatzea ere kontuan hartu beharko da; besteak beste, Hego Euskal Herriarekiko harremanen garapena. Harreman horiek «berez» handituko direla diote txosten egileek. «Jasan beharrean, kooperazioa bultzatu behar dugu eta aukerak baliatu». Bi aldeetako jarraipena duten azpiegiturak sortzea pentsatu nahi dute, estrategiak Hego Euskal Herriarekin batera hitzartuz.
Hogei bat ardatz edo aholku zerrendatu dituzte biharko garraio sistema egituratzeko. Aukera anitz orain dauden azpiegiturak hobetuz obra daitezke. Ideia horiek obratzeari begira, Frantziako Estatuko zerbitzuak, Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusia, Akitaniako Eskualde Kontseilua eta Ipar Euskal Herriko udal erakundeak bilduko lituzkeen lan talde bat sortuko dute. Talde hori urtea bururatu baino lehen sortuko da, eta 2007tik aurrerako estrategiak landuko ditu. Hortik landa proiektuak aurrera eramateko behar diren koordinazioak osatuko lituzkete.
Proiektuak bultzatzearekin batera, herritarrei, hautetsiei, enpresei eta eragile guztiei ohartarazi nahi diete jarrerak aldatu behar direla.
Hiria
Hiria beste gisa batez egituratu beharko da, hala nola hiri erdiak eta herrien erdiguneak dentsifikatu, garraioaren, bizilekuen eta aktibitate guneen arteko osagarritasuna bermatuz.
Autoa mugatu
Norberak bakarrik autoa erabiltzea mugatzea da ardatzetariko bat. Horretarako, bizitokien inguruan autoa uzteko leku gutxiago ezarriko lirateke, toki gutxiago izateak auto kopurua mugatzea baitakar. Gauza bera lantoki inguruetan, baina horri loturik lanera joateko garraio publikoa garatuko lukete. Aparkaleku handiak eraikiko lituzkete hiri bazterretan, jendea handik garraio publiko bidez joateko hiri erdira. Bizikletaz edo oinez ibiltzeko aukerak zabalduko lituzkete hiri barnean. Halaber, hiri erdian autoz sartzeari zergak ezartzeko aukera ere azter daitekeela dio txostenak.
Topoa
Kostaldean topoaren gisako maiztasuneko tren linea baten sortzeko aukera aztertzea aipatu dute. Linea horrek lotura zuzena ukanen luke Hendaiatik Donostiara doan Topoarekin. Linea hori Baiona-Angelu-Miarritze eremu barnera luzatzea ere ikertuko lukete.
Baiona-Garazi
Baionatik Garazirako burdinbidea berritzea eta jendea eguneroko bidaiak tren linea horretan egitera bultzatzea aipatzen da. Akitaniako Eskualde Kontseiluak ez du berak bakarrik jasan ahal izanen obra horien gastua, Frantziako Estatuak eta tokiko erakundeek ere parte hartu behar izanen dute.
Baiona-Ahurti
Baiona eta Ahurti arteko burdinbidea maiztasunez erabil daiteke, topoaren gisan, egun hasieran eta bukaeran. Gauza bera egitea aipatu dute Landetara doan burdinbidearekin.
Baionako trena
Baiona eta Angelu inguruetako «sufrearen linea zaharra» berriz irekitzeko hipotesia atera dute. Burdinbide hartan bidaiarientzako linea bat irekiz, Angeluko eta Baionako enplegu eta merkatu gune nagusietara garraio publikoz joateko aukera bat gehiago izanen litzateke.
Autobusak
Baiona-Angelu-Miarritze hiriguneko autobus garraio zerbitzua berriz pentsatzea aipu dute. Horrez gain, kostaldearen eta barnealdearen arteko lineak irekitzeaz ere gogoetatuko dute, lurralde osoa hunkitzeko gisan.
Herrien artekoa
Udalek eta herri elkargoek eskatzen dituzten garraio publikoak ezartzeko iniziatibak hartzea proposatu dute. Herri txikietatik herri handiagoetara doazen garraioak sortzea litzateke horren helburua.
Txartelak
Autobuserako edo trenerako txartelak eta beste sareetakoak erosteko sistema bakar bat zutik ezarri nahi lukete.
Hendaia-Bordele
Hendaia-Bordele burdinbide proiektuari buruzko iritzi bat eman nahi dute urtea bukatu baino lehen. Euskal Herria 2020 taldeak gogoetak eginen ditu ikusteko burdinbide horrek zer ondorio ekonomiko izanen duen, zer aldaketa eraginen duen trafikoetan, Ipar Euskal Herria nola kokatuko den, nolako lurralde antolaketa beharko den, beste garraiobideekiko lotura nola eginen den, gizarteak nola hartuko duen, ingurumenarentzat zer ondorio izanen duen eta azpiegitura berria behar den ala oraingoa zabaldu behar den.
A63 autobidea
Irailean eginen da A63 autobidearen zabaltzeari buruzko inkesta publikoa. Euskal Herria 2020 ekimenak aukera anitz aipatu ditu etorkizunari begira, autobide horrek hiri inguruko saihesbidearen funtzioa betetzen du lekuko jendearentzat, eta egoera horretara egokitzeko premia ikusten dute. Barnealdetik datozenentzat autobide horretarako sarbide zuzena eraikitzeko beharra ikusten da, Miarritzeko eta Biriatuko ordainlekuak kentzea aipatzen dute, lekuko jendeentzat prezio bereziak egitea ere bai.
Nafarroako bidea
Saliese-Iruñea errepidea «jario handiko garraiobide izatea ekiditeari» garrantzia ematen dio Euskal Herria 2020 ekimenak. Proiektu horrek lekuko interesen alde egin dezan bermatzen ahalegindu nahi dute.
Errepideak hobetu
Barnealdetik kostalderako eta barnealdeko herrien arteko errepide sareak hobetzeko erronka aipatu dute. Donibane Garazitik Baionarako bidea eta Mauletik Baionarakoa hobetzea azpimarratu dituzte.
Autoaren esklabo
Herritar gehien-gehienak autoz ibiltzen dira etaarazo handiak agertzen diraherri arteko errepideetaneneko bidegain
Gero eta auto gehiago dabil Ipar Euskal Herriko errepideetan, eta gauzak txartuko dira deus ez bada egiten. Baiona-Angelu-Miarritze eremuan bertan egunean 45.000 auto ibiltzen dira, eta Baionatik Uztaritzerako bidean, 20.000. Lekuko jendeen mugimenduei nazioarteko merkataritza garraioak gehitzen bazaizkie, egoera jasangaitza da. Gero eta jende gehiago dator Ipar Euskal Herrira bizitzera eta turistentzat ere leku erakargarria da. Horrek bidean auto gehiago ibiltzea dakar.
Horrez gain, jendeek gero eta gehiago erabiltzen dute autoa, eta zail ikusten da autoarekiko duten harremana aldaraztea. Hiriaren hedatze kontrolatu gabeak autoaren erabiltzeko joera handitu baizik ez du egin. Hiritik Lapurdi barnealdera edota Baxenabarrera joan direnek beren etxea eraiki dute. Horrek lurzoruaren zatikatzea eragin du eta autoa ezinbesteko bihurtu.
Ipar Euskal Herriko mugimenduen %79 autoz egiten dira, 1999ko inkesta baten arabera. Etxe bakoitzean, batez beste, 1,34 auto dago. Toki anitzetan gutxienez bi auto dituzte, beraz. Jendeak ez du garraio publikoa erabiltzeko joerarik, ez eta hiri barnean ere. Jarrera horrek kezkak eragiten dizkie eragile publikoei, zaila ikusten dutelako ohiturak aldatzea. Euskal Herria 2020 txostena idatzi dutenek onartzen dute, hala ere, dena ez dela autoa erabiltzen dutenen errua. Lurraren prezioak jendea hiritik kanpo bizitzera bultzatu du. Hiriaren hedatzea ez dute kontrolatu. Aldi berean, enpleguak eta merkataritza gune handiak hirian eta hiri ondoan metaturik daude. Udal nagusiek ez dute neurri ausartik hartzen hiri erdian auto kopurua murrizteko. Garraio publikoaren eskaintza oso ahula dela eta dagoena ez dela biziki eraginkorra dio txostenak.
Orain, neurriak hartzea ezinbestekoa izanen da. Itsasbazterrean ez dago errepide sare zabalagoa sortzeko aukera handirik, ordea. Donibane Lohizune eta Hendaia garatzen ari dira. Hiriaren zabaltzeak eta topografiak zailtasunak ematen dizkiote errepideen zabaltzeari.
KAMIOIEN KORAPILOA ETA AHT. Portugal eta Espainia Europako Batasunean sartzeak eta merkatuaren globalizazioak nazioarteko merkantzien garraioaren izugarriko gorakada eragin du, eta hori bete-betean sendi da Euskal Herrian, eta nola ez, Lapurdi kostaldean. Iberiako Penintsularen eta Europaren arteko merkantzien %56 Atlantikotik pasatzen dira. 2003an 123 milioi tona merkantzia garraiatu ziren Atlantikotik. Horietatik %61,7 itsasoz garraiatzen dituzte, baina hala ere 47 milioi tona gelditzen dira lurretik pasarazteko. Burdinbidez 2 milioi tona baizik ez dira garraiatzen.
Azken hogei urteetan Biriatutik iragaten den kamioi kopuruak egin duen gorakada ikusgarria da. 1.383 baizik ez ziren pasatzen egunean 1985ean. 2004an 8.078 ziren. 2005ean 14.500 izanen dira. Abiadura handiko burdinbidea sortuz gero, hori baino 2.300 kamioi gutxiago pasatuko lirateke Biriatutik. Burdinbidez %23 merkantzia garraiatuko lirateke kasu horretan; bestela, %10.
AHTren argi-itzalak
Udazken honetan iraganen da Hendaiatik Bordelerako abiadura handiko burdinbidearen eraikitzeari buruzko eztabaida publikoa. Burdinbide horrek lotura zuzena luke Hendaian Euskal Y-arekin eta Bordelen Pariserako burdinbidearekin. Bi aukera landuko dituzte. Alde batetik, oraingo burdinbidea egokitzea eta Baiona eta Hendaia arteko burdinbidea bi lerrotik lau lerrora pasatzea. Bestetik, burdinbide berri bat eraikitzea Bordeletik Hendaiaraino, merkantzientzat eta bidaiarientzat. Lehen hipotesiaren aurrekontua 2.300 milioi eurokoa da. Bigarrenarena, aldiz, 4.200 milioi eurokoa.Euskal Herria 2020 gogoetan azpiegituren atala landu dutenak AHT linea beharrezko ikusten dute. «Gaur egungo azpiegiturekin bakarrik, ez daitezke merkantzien garraioa, AHT eta hurbileko trenbide linea erregularra batera garatu». Horretarako sustatu nahi dute proiektu berria. Ipar Euskal Herriaren «erakargarritasuna» areagotzeko aukera gisa ikusten dute.
Baina hainbat galdera ere sortu dira, ea zinez garapen ekonomikoa bultzatuko duen, ea merkantziak burdinbidez garraiatzearen inguruko ikerketarik egin den eta abar. Ipar Euskal Herria bazterrean geldituko delako arriskua ere aipatu dute batzuek. Holako linea batean zirkulazio hiri handien artean sortzen da. Lekuko eskualdeekiko loturak segurtatu beharra aipatu dute Euskal Herria 2020koek. Horretarako, beharbada, oraingo lineak egokitzea aterabide hoberena dela aipatu dute.