Autobus geltokia Loiolako Erriberan jartzeko asmoa berretsi du Izagirrek

Donostiako Udalak uste du tren eta errepide bidezko garraio zerbitzuek bat egiteko lekurik onena dela

ainara arratibel gascon
2011ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek berretsi du Loiolako Erriberan kokatu nahi duela autobus geltoki berria. Aurreko astean hedabideetan esandakoa baieztatu zuen Izagirrek, atzo, oso bilkuran. Haren ustez, errepide eta tren bidezko garraio zerbitzuek bat egin dezaketen leku bakarra da hirian.

Aurreko udalbatzak Atotxan egitea onartu zuen, eta dagoeneko lanak adjudikatuak zituen. Baina udal gobernu berriak erabakia berriz aztertuko zuela esan zuen. Orain egun batzuk baieztatu zuen autobus geltokia legegintzaldi honetan egingo zela, herritarrek lehentasunen artean zuten proiektua zelako. Baina ez zuen argitu non jarriko zuen.

Handik egun gutxira zehaztu zuen geltokia Loiolako Erriberan egitearen alde zegoela, tren eta errepide bidezko garraio zerbitzuak batzeko lekurik egokiena zelakoan.

EAJ, PSE-EE eta PP horren aurka daude, eta aurreko legegintzaldian hartutako erabakiari eusteko eskatu diote Izagirreri. PSE-EEko Ernesto Gascoren ustez, adibidez, erabaki horrekin Bilduk saihestu nahi duena AHTa Atotxara iristea da.

Gipuzkoako Foru Aldundia ere bat dator Loiolako Erriberan jartzeko asmoarekin. Dena den, argi utzi du azken erabakia udalak duela, eta hark dioena babestu eta errespetatuko duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.