Euskara

“Autodeterminazio ariketa indibidual zein kolektiboa” eskatu du EHEk

Euskaraz Bizi Eguna ospatu du Otxandion (Bizkaia) Euskal Herrian Euskaraz taldeak, egitarau oparo batekin, «euskararen alde egotetik horren alde egitera» igaro beharra nabarmentzeko.

Euskaraz Bizi Eguna, Otxandion. ANDONI CANELLADA, ARGAZKI PRESS
gotzon hermosilla
2015eko apirilaren 19a
11:27
Entzun

"Ogi gogorra da euskaraz bizi nahi eta ezin dugunon eguneroko ogia", Euskal Herrian Euskaraz-eko (EHE) koordinatzaile Nestor Estebanen esanetan. Baina esaera zaharrak dioenez, ogi gogorrari hagin zorrotza kontrajartzea badago. Euskaraz bizitzeko nahi eta ezinaren ogi gogorra festaz eta aldarrikapenaz beratu dute Otxandion (Bizkaia) batu diren euskaltzaleek, EHEk antolatutako Euskaraz Bizi Egunean. Aurtengoa seigarren Euskaraz Bizi Eguna izan da; EHEren 35. urteurrenarekin bat etorri da, eta Euskararen alde egitetik, euskararen alde egitera lelopean antolatu dute.

Goiz-goizetik, musika, kantua, giro ona eta euskararen aldeko aldarria nagusitu ziren atzo Otxandioko kaleetan. Eguna hasteko, Otxandioko inguruetan zeharreko mendi ibilaldia antolatua zuten EHEkoek, Mirugain mendi taldekoekin batera. 09:00etarako iragarrita zegoen, eta puntual hasi zen; puntualegi apika, berandu iritsi zirenek tropelaren atzetik ibili behar izan zutelako. Hori ez zen oztopo izan, eguraldi bikaina lagun, ibilaldi ederra egiteko inguruko mendietan zehar.

Ibilbidea bukatu eta herrira jaitsi zirenerako, musikak eta kale animazioak hartuak zituen Otxandioko kaleak. Andikona plazan, eskulangileen eta bestelakoen salmahaiak jendearen arreta bereganatzen hasiak ziren, eta Plaza Nagusian ere jende ugari zebilen bazterretan, euskalgintzako kide ugari ere bai: Kontseiluko Paul Bilbao, Behatokiko Garbiñe Petriati eta AEKko Helios del Santo, esaterako.

Zoritxarrez, orduan hasi zen eguraldia petraltzen, baina tarteka botatako euriak ez zuen egitaraua zapuztu. Hala, Otxandioko Soinubil kultur elkartekoak kantuka ibili ziren tabernaz taberna, gaita, gitarra eta bestelako musika tresnekin lagunduta. Jende asko batu zitzaien, kantuz batzuk, entzule gisa besteak.

«Urrats bat harago»

Udaletxe aurreko plaza horretan egin zuten Euskaraz Bizi Eguneko ekitaldi nagusia ere. Han, EHEko koordinatzaile Nestor Estebanek nabarmendu zuen «urrats bat harago» egiteko beharra, «autodeterminazio ariketa indibidual eta kolektiboa» egin eta euskaldunak «hiztun aktibo» bilakatzeko: «Bidea oinez egiten da, eta urratsik egiten ez duenak ez du biderik egiten».

Dagoeneko euskara «salbu» dagoela dioten ahotsen aurrean, «euskara salbatu da, euskaldunok salbu», erantzun zuen Estebanek: «Euskara salbu dago, baina euskaldunok ezin gara euskaraz bizi». Euskaldunen eskubideek lege babesik ez izatearen ondorio da hori, Estebanen esanetan. «Frontoian zigarreta bat pizteak euskaldun guztien hizkuntza eskubide guztiak aldi berean zapaltzeak baino ondorio larriagoak ditu», gaineratu zuen.

Jai egitarautik kanpo ere egon zen Euskaraz Bizi Egunari egindako keinurik: herriko futbol taldeak, Vulcanok, bazkalostean izan zuen partida, eta jokalariek festaren leloa idatzia zuen pankarta bat atera zuten norgehiagoka hasi aurretik. Luhartz, Gozategi eta Governors taldeen kontzertuarekin amaitu zen eguna.

Euriak ekitaldiren bat oztopatu duen arren, giro ederra egon da Otxandion goiz partean. Inguruetan egindako mendi ibilaldiak parte-hartze handia izan du, eta 500 lagun baino gehiago egon dira herri bazkarian. Iluntzera arte, egitarau zabala prestatua zuen EHEk, Luhartz, Gozategi eta Governors taldeen musika emanaldia barne. 
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.