Amaiur, ERC eta BNG taldeek Espainiako Estatuko legedian autodeterminazio eskubidea txertatua egotea nahi dute, eta xede horrekin lege proposamen bat erregistratu dute gaur goizean Kongresuan. Idatzian zehaztu dutenez, erreferenduma tokian tokiko gobernu, parlamentu eta herri ekimenez antolatu beharko litzateke —azken kasuan, "azken udal hauteskundeetako erroldako %20ren ekimenez", diote—. Gaur egun, derrigorrezkoa da Espainiako Gobernuaren baimena izatea.
Hiru taldeen arabera, banakoek zein kolektiboek daukate nahi duten hori aurrera eramateko eskubidea, baina gauzatzeko eta garatzeko bermea izan behar dute, eta hori gaur egun ezinezkoa da Espainiako Konstituzioaren arabera. "Borondate demokratikoa" gara dadin, uste dute ezinbestekoa dela legedia aldatzea.
Galdeketaren emaitza baliozkoa izango litzateke hauteskunde erroldako erdiek baino gehiagok parte hartuz gero, lege proposamenean jaso dutenez. Zifra bera erabili dute garailea zehazteko ere, eta "autodeterminazio erreferendumean emandako botoen %50 baino gehiago baldin badira Espainiako Estatutik independente izatearen aldekoak, gobernu autonomoak bere nazioaren independentzia aldarrikatuko du".
Amaiur, ERC eta BNGk gogorarazi dute autodeterminazio eskubidea onartua dutela nazioarteko legeek eta Espainiako Estatuak —horrek, nazioarteko zenbait hitzarmen berretsita—.
"Euskal Herria, Països Catalans [Herrialde Katalanak] eta Galiza nazio onartuak dira", diote lege proposamenaren hasieran, "eta, beraz, determinazio librerako eskubidea dute". Hego Euskal Herriari buruz zehaztu dutenez, "estatuaren lurraldeari dagokionez, Euskal Herria lau foru herrialdeek osatzen dute".
Iazko ekainean autodeterminazio eskubidea Kongresuan lantzeko talde bat sortu zuten hiru taldeek. Gaurko ekimena izan da lehen fruitua. Haiekin batera, Reagrupament eta SI Kataluniako alderdiak ere badira eskatzaile, nahiz eta talderik ez duten Kongresuan.
Amaiurrek zazpi diputatu ditu, ERCk hiru eta BNGk bi. Hiruren artean, 772.000 boto lortu zituzten 2011ko azaroko hauteskundeetan (333.000 Amaiurrek, 256.000 ERCk eta 183.000 BNGk).
Lege proposamena, osorik
I. TITULUA. NAZIOEN DETERMINAZIO LIBRERAKO ESKUBIDEA
1. artikulua. Legearen helburua
Lege honen helburua da Espainiako legedira eramatea nazioek determinazio librerako duten eskubidea. Eskubide hori onartua dute nazioarteko legeek eta Espainiako Estatuak, nazioarteko zenbait hitzarmen berretsi direnez gero.
Era berean, Lege honen helburua da arautzea Espainiako Estatua osatzen duten nazioen determinazio librerako eskubidearen erabilera.
2. artikulua. Nazioen determinazio librerako eskubidearen definizioa eta esparrua
1. Euskal Herria, Països Catalans eta Galiza nazio onartuak dira, eta, beraz, determinazio librerako eskubidea dute.
2. Estatuaren lurraldeari dagokionez, Euskal Herria lau foru herrialdeek osatzen dute.
3. Era berean, artikulu honen 1. puntuan aipatutako errealitate nazionalak ez ezik, Lege honen ondorioetarako naziotzat joko dira beren Autonomia Estatutuan naziotzat jotakoak edo beren Parlamentuek naziotzat jotzen dituztenak ere, beren eskubide historikoetan, nazio sentimenduan edo borondate demokratikoan oinarriturik.
4. Autonomia erkidego batek baino gehiagok osaturiko nazioei dagokienez, haietako Parlamentuei dagokie mekanismo demokratikoak ematea beren buruari, hala beren herritarren borondate demokratikoa nagusitu dadin determinazio librerako eskubidea erabiltze aldera.
5. Determinazio librerako eskubidearen ondorioz, nazioek eskubidea dute modu librean erabakitzeko zein estatus politiko izango duten, zein eskumenak erabiliko dituzten eta/edo utziko dituzten, eta zein elkarlan eta/edo mendekotasun harreman izan nahi dituzten beste egitura eta nazioz gaindiko organizazio batzuekin.
6. Era berean, nazioek eskubidea dute modu librean erabiltzeko beren aberastasunak eta natur baliabideak, betiere errespetaturik nazioarteko zuzenbideak horretaz xedaturikoa.
3. artikulua. Parlamentuak, subiranotasunaren ordezkari
Espainiako Estatuko nazioetako Parlamentuek, herri subiranotasunaren ordezkari zilegizkoak diren aldetik, modu librean erabaki ahal izango dute aurreko artikuluan onarturiko eskubideei buruz eta horien erabilerari buruz.
II. TITULUA. AUTODETERMINAZIO NAZIONALEKO ERREFERENDUMA
4. artikulua. Autodeterminazio nazionaleko erreferendumaren deialdia
1. Espainiako Estatua osatzen duten nazioek ezin kenduzko eskubidea dute autodeterminazio nazionaleko erreferenduma antolatzeko, Estatu independente bat osatzeaz galdetzeko.
2. Autodeterminazio erreferenduma Gobernu autonomoak edo Gobernu autonomoek antolatuko dute, beren ekimenez, Parlamentuaren ekimenez edo azken udal hauteskundeetako zentsuaren %20ren ekimenez. Horretarako, beren lurrealdean herri ekinaldi legegileak egiteko ezarritako prozesu bera erabiliko da.
5. artikulua. Autodeterminazio eskubidearen erabilera
1. Aipaturiko erreferendumean, boto eskubidea izango dute erreferendum egunean udal hauteskunderik eginez gero botoa emateko eskubidea izango luketen herritar guztiek.
2. Erreferendumaren emaitza balioduna izango da baldin eta hauteskunde erroldako %50ek baino gehiagok parte hartzen badute.
3. Autodeterminazio erreferendumean emandako botoen %50 baino gehiago baldin badira Espainiako Estatutik independente izatearen aldekoak, gobernu autonomoak bere nazioaren independentzia aldarrikatuko du.
4. Aurreko bi puntuetan zehazturiko ehunekoak lortzen ez badira, autodeterminazio erreferenduma egin duen nazioa Espainiako Estatuaren parte izango da aurrerantzean ere, modu librean aukeratzen dituen eskubideak eta betebeharrak izanik.
III. TITULUA. INDEPENDENTZIA NAZIONALERAKO IGAROTZE PROZESUA
6. artikulua. Independentzia prozesua
1. Independentzia aldarrikatutakoan, Espainiako Estatuarekin negoziatzeari ekingo zaio, zehazteko batak eta besteak zein eskubide eta zein betebehar izango dituzten botereak eta baliabideak guztiz eskualdatzeko igarotze prozesuan.
2. Igarotze prozesuak modua jarri behar du igarobidea progresibo eta traumarik gabea izan dadin; hartara, bermatua egongo da botereen eskualdaketa eta kudeaketa egokiro egitea, baita erakundeek eta ekonomiak egonkor irautea ere.
3. Espainiako Estatuak, igarotze prozesuan, bidea zabaldu eta zelaitu egingo du nazioartean Estatu berria onar dezaten, batez ere Europako Batasunak onar dezan.
4. Igarotze prozesua trabatzen duen desadostasunik agertuz gero, bi aldeetarik zeinahik Nazio Batuen bitartekaritza eskatu ahal izango du.
Xedapen indargabetzaile bakarra
Indarrik gabe geratzen dira Lege honetan ezarritakoaren kontra dauden eta maila berekoak edo beheragoko mailakoak diren xedapen guztiak.
Azken xedapen bakarra
Lege hau indarrean sartuko da Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta handik bi hilabetera. Espainiako Estatuko beste hizkuntza ofizialetan ere argitaratuko da.