Ibarretxe proposamena

"Autodeterminazio eskubidea anbiguotasunik gabe" jasotzeko atalkako zuzenketak aurkeztu dio EAk Ibarretxe planari

Eusko Alkartasunak 42 zuzenketa aurkeztu dizkio Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako proposamenari, tartean, "autodeterminazio eskubidea aitortuz, independentziaren aukera jasotzea" eskatzen du EAk. "Autodeterminazio eskubidea anbiguotasunik gabe, indepedentziaren eskubidea azalduz, euskal gizarteak demokratikoki horrela erabakitzen badu", zehaztu du Rafa Larreina EAko Antolakuntza Idazkari eta EAEko parlamentarioak. Eusko Alkartasunak gain, Sozialista Abertzaleak taldeak zazpi zuzenketa jarri dizkio Ibarretxeren proposamenari, aldarrikapen nagusi baten bueltan. "Autodeterminazio eskubidea herriari dagokio, kasu honetan Euskal Herriari, Euskal Herria subjektu moduan hartuz", adierazi du Rakel Peña SAko parlamentarioak.

2004ko otsailaren 9a
17:05
Entzun
EAErako Estatutu politiko berriaren proposamenari zuzenketak jartzeko azken eguna da gaur, eta SAk eta EAk zuzenketa partzialak aurkeztu dituzte gaur Legebiltzarrean. Eusko Legebiltzarreko Mahaiak bihar kalifikatuko ditu Estatutu berrirako proposamenari jarritako zuzenkera guztiak.

Eusko Alkartasunak 42 zuzenketa aurkeztu dizkio Eusko Jaurlaritzako aurkeztutako proposamenari, tartean, autodeterminazio eskubidea aitortuz, independentziaren aukera jasotzeko eskatzen du talde honek: "Gure emendakinekin, Jaurlaritzaren proposamenaren ondorengo atalak erremarkatu eta sendotzen ditugu. Autodeterminazio eskubidea anbiguotasunik gabe, indepedentziaren eskubidea azalduz, euskal gizarteak demokratikoki horrela erabakitzen badu", azaldu du Rafa larreina EAko Antolakuntza Idazkari eta EAEko parlamentarioak.

Horrekin batera, lurraldetasuna, hau da, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko herritarren erabakiak errespetatzea ereeskatzen ditu talde honek. "Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko herritarrek egitura juridiko-politiko horren parte izateko eta euska naziotasuna eskatzeko eskubidea dute, hala eskatzen badute", nabarmendu du Larreinak.

Xedapen gehigarrietan, berriz, klausula bereziak bermatzeko, herriak bakarrik izan dezala Estatutu berria aldatzeko eskubidea proposatzen du Eusko Alkartasunak.

SAren zuzenketak

Sozialista Abertzaleak taldeak zazpi zuzenketa jarri dizkio Ibarretxeren proposamenari, aldarrikapen nagusi baten bueltan, autodeterminazio eskubidea herriari dagokiola, kasu honetan Euskal Herriari, Euskal Herria subjektu moduan hartuz. "Oinarri horiekin gatazka bide demokratikoak erabiliz konponduko litzateke", esan du Jone Goirizelaiak. Gaurko atalkako zuzenketez gain, Sozialista Abertzaleak taldeak osoko zuzenketa aurkeztu zion Ibarretxe planari joan den astean.

Goirizelaiak nabarmendu duenez, horietako zuzenketa batzuetan Ibarretxeren proposamenaren zenbait atal ezabatzeko eskatzen dute. Ekimenaren hitzaurrea aldatzeko proposatu dute, EAEk, Nafarroak eta Ipar Euskal Herriak bat eginda nazio bat osatzen dutela dioena eta autodeterminazio eskubidea duela jasotzen duena.

Orain eztabaidari bide eman nahi dio talde honek eta ez zaio zuzena iruditzen Eusko Jaurlaritzatik egin den azken balorazioa, PSE eta SA maila berean jarriz. "Ez zaigu batere zuzena iruditzen, pentsatzen dugulako Azkaratek eta Gobernuak kontzienteki gezurretan ari direla esaten dutunean, SAren, ezker abertzalearen jarrera, eta PP eta PSE-EEren jarrera berdintsua dela eztabaida honi begira".

Xedapen gehigarrien atalean, berriz, bi atal jasotzeko proposamena egin dute. Bata, "estatu eta estatu arteko" negoziazioa aldarrikatzea da, eta bestea, "Espainiak errespetatu egin behar duela euskal herritarrek erabakitzen dutena".

Kalifikazioa bihar

Legebiltzarreko Mahaia bihar elkartuko da eta osoko zuzenketak kalifikatuko ditu. Gorabeherak izango dira SAk aurkeztutako zuzenketekin, ez duelako Ibarretxeren proposamena atzera botatzeko eskatzen. Biharkoa ikuskizun, Espainiako martxoko hauteskundeak pasa arte ez da eztabaidarik izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.