Aberri Eguna

Autodeterminazioaren alde daudenen artean "indarrak batzea" ezinbestekoa dela uste du ELAk

"Guztiei irekita egongo den elkarrizketa prozesu baten aldeko apustu garbia egiten dugu. Kontuak kontu, akordioak lortu ahal izateko ezinbestekoa da oinarrizko zenbait eskubideren aitorpena; eskubide horien artean, euskal gizarteak bere etorkizuna erabakitzeko duen eskubidea dago. Hori dela eta, autodeterminaziaren alde dauden guztiak indarrak batzea ezinbestekoa den lehentasun bat da". Hala mintzatu ELA sindikatuko idazkari Jose Elorrieta, sindikatuak Aberri Eguna dela eta kaleratu duen agiriaren aurkezpenean. Elorrietak PSOEk "itxaropen handiegirik" ez diola ematen aitortu du.

2004ko apirilaren 5a
19:33
Entzun
ELAk ez du uste PSOEk aldaketa politiko handirik ekarriko duenik. Martxoaren 14ko hauteskundeetan PPk boterea galdu ostean "giro politikoa lasaitu" egin dela azpimarratu arren, euskal gatazkaren oinarria politikoa dela onartzea eskatu dio Elorrietak Zapaterori. "PSOEri exigitzen diogu bizitza politikoa normalizatzeko neurriak har ditzan. Ezinbestekoa da eskubideak errespetatzea, bai indibidualak bai eta kolektiboak. Hemen gatazka politiko bat dago, eta arazo politiko hori demokratikoki eztabaidatu behar da".

Hirukoak Ibarretxe Plana aurrera ateratzeko borondaterik ez duela uste du ELAk. Orain arte Ibarretxe Planak hartu duen ibilbidea ere kritikatu du Elorrietak, "eztabaida soziala alde batera utzi duelako".

ETAri dei zuzena egin dio ELAk Aberri Egunari begira. Elorrietaren arabera, "ETAk baldintza politikorik gabe armak utzi beharko lituzke; Euskal Herriak ez du nahi inork bere izenean hiltzea".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.