Autogobernuak ongizatearekin duen lotura nabarmendu zuen Iñigo Urkullu EAJko lehendakarigaiak, atzo, Gasteizen egin zuen kanpainako ekitaldi nagusian. Urkulluren irudiko, autogobernua handiagoa izanik «ongizate handiagoa» lortuko da. Hobekuntza hori pentsiodunek ere nabarituko dutela ziurtatu zuen, gainera.
Izan ere, pentsioen geroa bihurtu da kanpainako azken egunetako hizpide nagusietako bat. Independentziaren aldeko urratsak eginez gero erretiratuen eta alargunen pentsioak arriskuan leudekeela esan dute hala PPko nola PSE-EEko hautagaiek. Jeltzaleek iragarpen horren aurka ekin diote. Atzo, mezua koska bat gogortu zuen Urkulluk, eta gai horri buruz «demagogia zitala» egitea egotzi zien popularrei eta sozialistei.
Probintzia plazan propio paratutako karparen azpian egin zuen hitzaldia EAJko hautagaiak, Arabako Foru Aldundiaren aurrean. Ordu erdi luzean pentsioen inguruko azalpenak nagusitu ziren, eta konpromiso zehatza hartu zuen Urkulluk: «EAJk bermatzen du gaur eta bihar pentsioak kobratuko direla. Eskubide bat da. Hitza ematen dut». Afera PPri eta PSOEri kargu hartzeko baliatu zuen, halaber. «Ez da EAJ izan Gizarte Segurantzaren kutxa ahuldu duena, Espainiako gobernuen politika ekonomikoa negargarria izan da». Salaketari txaloekin erantzun zioten mitinera joandako jarraitzaileek.
Krisiari buruz zuhur aritu zen Urkullu. «Ez dago sendabide magikorik, kontrakoa esatea arduragabekeria galanta da. Gezurretan aritzea da». Bozetatik ateratzen den hurrengo Jaurlaritzak gerrikoa estutu beharko duela ohartarazi zuen, eta administrazioaren gastuan eta egituran «zurruntasuna eta austeritatea» ezarriko dutela agindu zuen. Arazoak arazo, itxaropen mezuren bat ere igorri nahi izan zuen. «Krisiak badu irtenbidea; baldintza bakarra kolektiboa izatea da. Guztion bultzada behar dugu». Kanpainaren hasieratik egin duen bezala, ekonomiaren eta enpleguaren aldeko itun handi bat sustatu nahi duela azpimarratu zuen.
Foronda eta bakea
Gasteizko eta Arabako entzuleentzat ere aipamen zehatzak zituen Urkulluren hitzaldiak. Forondako aireportuaren ordutegia murriztu izanak sortu duen ezinegona baliatu zuen foru aldundiko gobernu popularra kritikatzeko. «Badugu Foronda, hegazkinak dituen aireportua, eta PPk itxi nahi digu, hegazkinik gabeko aireportuak egiten dituen alderdiak».
Bakegintzari buruz gogoeta laburra egin zion Urkulluk, eta hitzaldi osoan ez zuen EH Bildu koalizioa zuzenean edo zeharka aipatu. Kanpaina erdia gaindituta, hori bai, beste ahalegin bat eskatu zien alderdikideei, oraingoz inkesta guztiek EAJ irabazle jotzen badute ere.
Urkulluren aurretik, Xabier Agirre Arabako zerrendaburu eta ahaldun nagusi ohiak hartu zuen hitza. Robert Kennedyren esaldi bat nabarmendu zuen—«Etorkizuna ez da oparia, konkista baizik»—, baina Ibarretxeren ideia batekin lortu zituen txaloak. «Hautestontzietan hiltzen dira hautestontzien aurka eratutako gobernuak».
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. EAJ
Autogobernu handiagoarekin ongizatea ere handituko dela esan du Urkulluk
PPk eta PSEk pentsioak arriskuan daudela esanda «demagogia zitala» egin dutela dio EAJko hautagaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu