Iruñeko Sarasate pasealekuko Foruen Monumentuan ehunka lagun elkartu ziren, atzo, 1893ko Gamazada matxinadaren omenez 1903an altxatu zen ikurraren alboan. "Demokrazia" hitza osatu zuten, letra handiak altxatuta, sinatutako agiriaren zatiak irakurtzen zituzten bitartean. Ekitaldiaren amaieran bi pankarta atera zituzten: "Eskubideak" jartzen zuena, eta "erabakiak" jartzen zuena.
Azken bost urteetan Espainiako Gobernuak hamazazpi foru legeren aurka jo du Auzitegi Konstituzionalean, eta, ia kasu gehienetan, hark arrazoi eman dio. Joera horren kontra, eta autogobernuaren alde, hainbat eragilek egin zuten mobilizaziorako deia: EH Bildu, Geroa Bai, Ahal Dugu, ELA, LAB, ESK, Steilas, Solidari, CGT, EHNE, Gure Esku Dago, Astearteak Eguzkipean, Nafarroako Osasun plataforma, Parlamentu Soziala, SOS Arrazakeria Nafarroa, Munduko Medikuak, Paperak Denontzat eta Sasoia.
Sinatutako agirian Espainiaren "bultzada zentralizatzailea eta atzerakoia" salatu dute, gizarteko sektorerik hauskorrenak babesik gabe uzten dituelako. Sinatzaileen arabera, atzerapausoak bete-betean eragiten die eskubideei. "Erabaki judizial hauek eskubide gabe uzten dituzte behar gehien duten pertsonak, eta pertsona guztiei eskubide berak bermatuko dizkien kohesio handiagoko gizarte baterantz joatea eragozten du".
Sinatzaileek hainbat konpromiso hartu dituzte, eta horiekin bat egitera dei egin diete herritarrei. Batetik, "pertsona guztientzat eskubide guztien defentsa eta bermea" aldarrikatu dituzte; bereziki, Auzitegi Konstituzionalak bere epaiekin urratutako eskubideen defentsa azpimarratu dute. Bigarrenik, gizarteari eragiten dioten gaietan Nafarroan erabakitzeko ahalmenaren alde egin behar dela deritzote. Azkenik, "Nafarroa eremu demokratiko gisa defenditzea" aldarrikatzen dute.