Autogobernuaren aldeko ekinaldi bat bultzatuko du EAJk Legebiltzarrean

«Madrilgo gobernuaren zentralizazio saioaren» aurka legez besteko proposamen bat aurkeztu dute jeltzaleek

Erredakzioa
2012ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
«Zentralizazioa berriro ezartzeko saio bat dira». EAJk iritzi dio Euskal Autonomia Erkidegoko eskumenen esparruari erasotzen diotela Espainiako Gobernuak azken asteetan onartu eta PPren gehiengo absolutua baliatuta Espainiako Gorteetan aurrera atera diren neurriek. Hori ikusirik, alderdiak legez besteko proposamen bat aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean presaz eztabaidatu dadin. Proposamena aurrera ateratzea lortuz gero, legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eskatuko dio, besteak beste, «Gernikako Estatututik eratorritako eskumena erabiltzeko» eta «autogobernuaren osotasunaren» alde egiteko. Defentsarako, Estatutuan jasotako «erreforma aurreikuspenak» erabiltzeraeta beharrezko helegite judizial guztiak jartzera dei egiten dio Gasteizko gobernuari.

EAJk nabarmendu du PPren jokabidea autogobernuaren aurkako «eraso larria» dela, eta gaineratu du Kontzertu Ekonomikoaren sistemari ere bete-betean eragiten diola. 2007-2011ko kupoari buruzko azken legeak jasotzen duenez, «bosturtekoaren barruan» Estatuak finantzaketa konpromiso berriak beretzat gordetzen baditu, Kontzertu Ekonomikoaren Itunaren Batzorde Mistoak bildu egin behar du, «Euskal Herriari legokiokeen finantza partaidetza aztertzeko».

Horregatik, legez besteko proposamen horretan, exijentzia argia egiten zaio Espainiako Gobernuari, EAEko finantzaketari dagozkion gaietan batzorde mistoa osa dadin. Hala, Kupoaren Legeak ezarritako bi aldeko negoziaziorako eta akordiorako konpromisoa bete dezala exijitzen zaio Espainiako Gobernuari. Batzorde horretan aztertuko litzateke EAEk zer-nolako partaidetza izan behar duen «aurrekontu egonkortasunerako neurriei eustekoahalegin horretan».

EAJk gogora ekarri du 1982an legebiltzarrak jada ebazpen bat atera zuela estatutua aldatzeko aldebakarreko erabakien aurka. Egungo autogobernuaren oinarriak Autonomia Estatutua eta Kontzertu Ekonomikoa direla aintzat hartuta, EAJren proposamenak dio «herri erakundeei» dagokiela «euren kabuz erabakitzea» zeintzuk diren mekanismo egokienak «Estatuaren egonkortasunari eusten eta defizit publikoa murrizten laguntzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.