Igandeko hauteskundeen emaitzek gauza bat argi utzi dute, Izaskun Bilbao EAJko europarlamentariaren irudiko: «Euskadi-Basque Country marka Europan integratu nahi dute euskal herritarrek». Hala, Europako Legebiltzarrean «autogobernu asmoentzat» eta «euskal instituzioentzat» babesa eta onarpena eskatu zituen atzo Europako Legebiltzarrean. Gaineratu zuen «herritarrei entzutea eta Europan demokrazia indartzea» dela hori.
Euskal herritarrek «beren nortasun ikurrak babestu eta Europan integratzeko» nahia adierazi zuten igandean, Bilbao Europako legebiltzakideak esan zuenez, eta nabarmendu zuen horrek babesa merezi duela. Azaldu zuen Euskadi-Basque Country markak hau esan nahi duela: «Gizarte solidario bat, garapen sozialeko garapen ekonomikoaren ereduarekin aurrera ari dena, bakean eta elkarbizitza normalizatuan».
Bilbaok azpimarratu zuen Euskal Autonomia Erkidegoak lan ikaragarria egin zuela krisi industriala gainditzeko , eta, duela 30 urte EAE «hondoratuta» zegoela esan ostean, honako hau gaineratu zuen: «Hiru hamarkadatan hamar aldiz biderkatu dugu barne produktu gordina, eta Herbehereen antzeko errenta maila lortu dugu». Horrek azalpen argia du, jeltzalearen irudiko. Batetik, gizartearen «lana eta konpromisoa» egon dela dio, eta bestetik, «EAJk gure instituzioetatik bultzatutako politikak, ekonomia errealari babesa eta laguntza emanez».
Garapen baikor hori izanda ere Araba, Bizkai eta Gipuzkoan «krisi gogorra» dagoela aitortu zuen Bilbaok. Jeltzaleek gai hori lehentasunez hartuko dutela ohartarazi zuen, eta jakinarazi zuen «aurrekontuen orekari, industriari, lanpostuei, berrikuntzari, lehiakortasunari eta nazioartekotzeari laguntza ematea» izango dituztela gako, «gehien sufritzen dutenak» ahaztu gabe: «Garapen ekonomikoak gizarte garapenarekin batera joan behar du».
Autogobernurako babesa eskatu du EAJk Europako Legebiltzarrean
Herritarrek 'Euskadi Basque Country' marka bere egin dutela uste du Bilbaok, eta lagundu egin behar zaiela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu