EAJk eta PSEk bat egin`dute gaur Eusko Legebiltzarrean autogobernuaren inguruko lantaldea eratzeko. EAJk azken unean erabaki du EH Bildurekin adostuta zeukan testua albo batera uztea, eta beste proposamen bat hitzartu du PSE-EErekin. Hori hala, lantaldea eratzeko proposamena jeltzaleen eta sozialisten aldeko botoa baino ez du jaso. PPk eta UPDk ez ezik, aurkako botoa eman du EH Bilduk ere. Hasier Arraizek salatu duenez, bi taldeok hitzartutako testuak Gernikako Estatutuari "itxura" aldatzea baino ez du bilatzen, eta erabakitzeko eskubidea ez du oinarritzat hartzen. "Etorkizunari ate bat irekitzea nahi genuen, baina ez da posible izan, batzuk tematu direlako iraganari begira dagoen lehio bat irekitzen", esan du.
Jeltzaleek eta sozialistek hitzartutako erdibideko zuzenketak bi puntu ditu: lehenak batzorde txostengilearen edukiak zehazten ditu, eta besteak, lan egiteko prozedura. EAJk hasiera batean EH Bildurekin adostutako testuarekin alderatuta, hainbat ñabardura ditu sozialistekin hitzartutakoak.
Hala, EAJk koalizio abertzalearekin batera aurrera atera behar zuen testuak zioen autogobernua eguneratzeko "muga bakarra" Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dagoen "Euskal Herriaren borondate politikoa" izango zela. PSE-EErekin hitzartutako testuak, ordea, ez du halakorik jasotzen. Autogobernua eguneratzea "legedia eta arauak" errespetatuta eta "ahalik eta adostasun handiena" lortuta egingo dela dio EAJren eta PSE-EEren proposamenak. Halaber, autogobernuaren eguneratzea legebiltzarrean ordezkatuta dauden "herritarren borondate politikoaren" isla izango dela zehazten du.
Bi epetan egingo du lan ponentziak: 1979ko estatutuaren analisia egingo dute aurrena, eta hura eguneratzeko oinarriak ezarriko dituzte ondoren, "lege prozedurari jarraituz". Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi guztiek hartuko dute parte lantaldean, eta, UPD izan ezik, hiruna ordezkari izango dituzte.