Automobil bat errepidetik irten eta bi mutil gazte hil dira Bedian

Ezbeharra gertatu den lekuan hil dira gazteak, 23 urtekoak; beste hiru bidaiariak zaurituta daude, bat larri

Erredakzioa
Bilbo
2011ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Auto istripu larria gertatu zen atzo goizean Bedian (Bizkaia).N-240 errepidean ibilgailu bat bidetik atera zen, eta bidetik kanpo aparkatutako kamioi baten kontra jo zuen. Kolpe bortitzaren ondorioz, auto barruan zihoazen bi lagun handik irten ezinik geratu ziren, egoera oso larrian. Osagileen ahaleginak antzuak izan ziren; hantxe hil ziren. 23 urteko bi gazte ziren, bat Laudiokoa (Araba) eta bestea Trapagarangoa (Bizkaia). Beste hiru mutilekin batera zihoazen automobilean; hirurek ibilgailu barrutik beren kaxara irtetea lortu zuten, baina, hala ere, zaurituta zeuden, eta hainbat erietxetara eraman behar izan zituzten.

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez, Volkswagen Golf ibilgailu batean zihoazen istripua izan zuten bost gazteak, Bilborako norabidean. 07:40 aldera izan zen jazoera. Autoa, izandako kolpearen ondorioz, guztiz hondatuta geratu zen. Gidari 31 urteko gizon bat zihoan, Barakaldokoa (Bizkaia). Zaurituta zegoela eta, helikopteroan eraman behar izan zuten Gurutzetako erietxera, Barakaldora. Bizkaitarrak dira beste bi zaurituak ere; 18 eta 19 urteko bi mutil gazte, Basaurikoa lehena eta Bilbokoa bigarrena. Biak Galdakaoko erietxera eraman behar izan zituzten.

Zaurituek, oro har, medikuek egindako lehendabiziko balorazioaren arabera, zauri arinak zituzten. Erietxera eraman zituzten, hala ere, aparteko arazorik ba ote zen aztertzeko, eta aurrerago azaldu zuten bat larri zegoela.

Istripuaren ondorioz, zirkulazio arazoak sortu ziren Bedia inguruan. N-240 errepidea itxi egin behar izan zuten ertzainek Bilborako norabidean, eta gidariak ordezko bide batetik bidali behar izan zituzten. Behin zaurituak erietxetara bidali ostean, istripua izan zuen ibilgailua errepidetik erretiratzea eta ingurua garbitzea izan zen larrialdi zerbitzuen lehentasuna. Behin egiteko horiek burutu eta gero, goizeko hamarrak aldera zabaldu zuten berriro ere errepidea, eta berehala konpondu ziren zirkulazioan sortutako arazoak. Ertzainek ikerketa bat abiatu dute istripuaren nondik norakoak argitzeko. Automobila bidetik zergatik atera zen aztertu nahi dute

Ez zen eguneko istripu bakarra izan. 12:16 aldera furgoneta bat irauli zen A-15 autobidean, Irurtzunen (Nafarroa). Karabana bat zeraman atoian, eta guztiz hondatuta geratu zen. Furgonetako gidaria, 27 urteko andrazkoa, erietxera eraman behar izan zuten, hainbat kolpe zituelako. Istripuak zirkulazio arazoak eragin zituen errepidean.

Txirrindulari zaurituak

Hiru txirrindulari, halaber, larri zauritu ziren atzo bi ezbeharren ondorioz. Mungian (Bizkaia) zauritu zen bat, auto batek harrapatuta, eta Abaltzisketan (Gipuzkoa) beste biak, horiek ibilgailu batekin talka egin eta gero.

Automobil ugari dabiltza egunotan errepideetan; oporretarako bidea hartuko dute bidaiari askok asteburu honetan, eta beste askok etxerako buelta egingo dute. Herri ugaritan, halaber, festak dira. Bihar, bereziki, zirkulazio handia espero da. Testuinguru horretan, aparteko neurriak hartu dituzte hainbat administraziok; Nafarroan, esaterako, foruzainek abiadura kontrolatzeko kanpaina berezia egingo dute. Abiadura gainditzen duten gidariei, halaber, alkoholik edo bestelako drogarik kontsumitu duten jakiteko testa egingo diete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.