Autonomien estatua estatu federal bihurtzea nahi du PSNk

Nafarroako «foru erregimena» defendatzeko modurik onena hori dela deritzo Lizarbek

Erredakzioa
2012ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Nafarroako alderdi sozialistak Espainiako Gobernuaren eta Kataluniakoaren artean sortu den krisi politikoari heldu dio, eta Espainia estatu federal bihurtzearen aldeko apustua egin du, «horixe delako, Konstituzioaren barruan, Nafarroako foru erregimena defendatzeko modurik onena». PSNren Nafarroako Legebiltzarreko bozeramaile Juan Jose Lizarbek atzo azaldu zuen jarrera hori, Espainiatik hainbat eskumen urratzen ari direla ikusita.

Oraingoz, arriskurik ez

«Foru erregimen demokratikoaren aldeko defentsarik onena ez da Estatu zentralista baten barruan, baizik eta Autonomia Estatuarenean, eta are hobeto estatu federal batean», azaldu zuen Lizarbek.

PSNko bozeramaileak, dena den, zehaztu zuen ez dituela Foru Hobekuntza eta foru erregimena arriskuan ikusten. «Baina egunero defenditu behar dira; askatasuna bezalakoak dira, zaintzen ez badituzu ihartu egiten baitira», esan zuen.

Datorren urriaren 2an egingo den Estatuko erkidegoetako lehendakarien goi bilerari begira ere, Lizarbek foru erregimena defenditzeko eskatu zion atzo Yolanda Barcina Nafarroako lehendakariari, eta bilera horretan estatu federalaren alde egitea galdegin zion.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.