«Auzi politikoak» amaitzeko eskatu du Gernikako Akordioak

Donostian etzi egingo den manifestazio nazionalean parte hartzeko eskatu dute ekimeneko kideek

jokin sagarzazu
Donostia
2011ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
«Atxiloketa, jazarpen eta epaiketa oro» bertan behera uzteko eta «elkarrizketa eta negoziazio politikoari» heltzeko eskatu diete Gernikako Akordioa sinatu duten eragile politikoek Espainiako eta Frantziako estatuei. Eleak eskubide zibil eta politikoen aldeko mugimenduak Donostiako Zuloaga plazan ipini duen Aske Gunean eginiko agerraldi batean, Miren Legorburu ezker abertzaleko kideak eta Jon Abril Aralarreko koordinatzaileordeak Espainiako Auzitegi Nazionalean egiten ari den epaiketaren «garrantzia» nabarmendu dute. Ohartarazi dutenez, bake eta normalizazio politikoaren bidean epaiketa horrek «aurrekari arriskutsu bat» ezar dezake. Esan dutenez, «beraien eskubide zibil eta politikoak praktikara eramateagatik» epaitzen ari dira ezker abertzaleko zortzi kideak. «Berriro ere giza eskubideen urratze baten aurrean gaude».

Auzi horrekin Espainiako Estatuko demokraziaren «heldutasun falta» agerian geratzen dela adierazi dute, eta egungo agertokian «auzi politikoek» tokirik ez dutela nabarmendu. Giza eskubide guztien aldeko konpromisoak «zintzoa eta tinkoa» izan behar duela berretsi dute. Hori hala, aste osoan Aske Gunean egingo diren ekimenetan eta Donostian etzi egingo den manifestazio nazionalean parte hartzeko eskatu dute. Euskal Herriko 56 pertsona ezagunek egin dute manifestaziorako deia. Antiguako tuneletik abiatuko da, 17:30ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.